Otarra ekologikoak atera ditu Ingurumenaren Etxeak

Ingurugiro Etxea, 4R Fundazioa 2002ko urr. 30a, 13:10

Gabon festen atarian gaudenez, eta ditugun ohiturak direla medio, enpresa askotan eta administrazio publikoan bezeroei eta langileei zer opari egin erabakitzen ariko dira. Hau dela eta, Ingurumenaren Etxeak, Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikorako Elkartearen lankidetzarekin, otarra tradizional bat oparitu beharrean, otarra ekologiko bat eskaintzeko aukera eman nahi du.

Azpeitian aurkitzen den Ingurumen Etxeko Museoa hezkuntza-proiektu integrala kudeatzen duen entitatea da 4R Fundazioa. Eta bere helburua jasangarritasunaren aldeko heziketa eskaintzea da. Hori dela eta, bai kontsumoa eta bai ekoizpen ekologikoa sustatzea helburu duen proiektu bat martxan jartzen ari da. Hain zuzen ere ekimen honen baitan kokatzen da otarra ekologikoen eskaintza.

Otarra ekologiko hauek, enpresak eta administrazio publikoko erakundeak eta osasuna eta ingurumenaz arduratuta sentitzen diren edozein kontsumitzailek erosi ahalko dituzte. Ingurumenaren Etxetik elikagai osasuntsuekin gozatzeko aukera eskaini nahi da, era berean ingurumena zaintzen lagunduz. "Beraz, kontsumo jasangarrira zuzenduko gaituen aukera bat esakintzen ari gara".

Ingurumenaren Etxeak produktu ekologikoekin soilik osatutako bi otarra prestatu ditu. "Bere ekoizpenean produktu kimikorik eta hondakin toxikorik erabili ez diren produktuak. Beraz, nutrizio aldetik kalitate osoa eta elikagaien konposizio orekatua bermatzen dute. Azken finean, kontsumitzaileek geroz eta gehiago eskatzen ari diren elikadura ziurra bermatzen duen aukera berri bat eskaintzen ari garela esan dezakegu".

Ingurumen Etxeak otarra hauek etxeraino eramateko zerbitzua ere sortu du. Eskaintzen diren bi otarrak honakoak dira:

Lehen aukera: Orburu-kontserba, zainzuri-kontserba, kardu-kontserba, pikillo piperrak, marrubi-marmelada, melokotoi-marmelada, turroia, txokolatea, bi ardo botila, orujoa, sagardoa, eztia, gazta, polboroiak, tearekin hartzeko pastak eta palmerak. Salneurria: 87,15 euro.

Bigarren aukera: Porru-kontserba, orburu-kontserba, marrubi-marmelada, laranja-marmelada, txokolatea, gazta, ardoa, sagardoa, kafea, hazidun erroskoak eta polboroiak. Salneurria: 57,10 euro.

Otarra hauen eskaria egiteko edota informazio gehiago jasotzeko, Josune Orbegozorekin harremanetan jarri beharko da 943 15 17 13 telefono zenbakira deituz edota iorbegozo.4rfundazioa@azpeitia.net helbidera idatziz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide