Azpeitiko Udalak uztarria.com webgunea ez du diruz lagunduko

Uztarria.eus 2002ko urr. 31a, 13:10

Uztarria.com webguneak aurten ez du Azpeitiko Udalaren diru laguntzarik jasoko. 2002 urterako 15.325,81 euroko aurrekontua du webguneak. Azpeitiko Udalean, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan eskatu da webgunerako diru laguntza. Foru Aldundiak 4.000 euroko diru laguntza eman dio eta Eusko Juarlaritzaren erantzuna oraindik ez du jaso Uztarria.com-ek (3.240 euroko diru laguntza eskatu du Jaurlaritzan)

Urtarrilean jarri zen martxan uztarria.com webgunea, 2002. urterako 15.325,81 euroko aurrekontuarekin. Webgunearen eguneroko mantenurako Uztarriak egun erdiz lagun bat jarri zuen lanean. 2001eko azaroan Udaleko Kultura Batzordeburua den Aitor Gorrotxategiri webgunearen egitasmoa aurkeztu zitzaion, hala nola, Uztarriaren bazkideei ere azaldu zitzaien egitasmoa. Urtean zehar Azpeitiko Udalarekin hainbat bilera egin ondoren, urrian uztarria.com webgunea Udalak diruz ez duela lagunduko jakinarazi zaio Uztarriari.

Aldizkarirako ere gutxiago

Urtearen hasieran, Uztarriak komunikazio proiektu bateratu bat aurkeztu zion Udalari. Bertan, Azpeitiko Udalari eskatutako diru laguntza zehazten zen. Aurrez azaldu bezala, uztarria.com webgunerako 6.000 euro, Uztarria herri aldizkarirako 18.030,36 euro eta bi liburuxka biografikoentzat (Imanol Elias eta Patxi Altuna) 2,404,05 euro. Baina, urrian Uztarriak Udalaren aldetik jasotako erantzuna honakoa da: aldizkariari emango dion diru laguntza 12.000 eurokoa dela. Uztarriak eskatutakoa baino 6.000 euro gutxiago. Aldiz, bi liburuxka biografikoei Uztarriak eskatutako diru laguntza emango dio Udalak, 2.404,05 euro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide