Uztarriak urtearen hasieran aurkeztu zion komunikazio proiektu osoa udalari, baina urrian jaso du diru laguntzen erantzuna, aurtengo gastuak eta inbertsioak eginak dituenean (aldizkarirako beste langile erdi bat hartu zuen, aldizkariak hilero 12-16 orrialde gehiago ditu, aldizkarirako eta weberako diseinu berria egin zen, weberako langile erdi bat hartu zen, tresneria berria...). Uztarriaren komunikazio proiektuak oso harrera eta babes garrantzitsua du herrian, eta herritik kanpo adituen oso kritika onak jaso ditu.
Egoera hau dela eta, Uztarria bazkideen urteko batzarra aurreratu beharrean izan da, une larriari erantzunak aurkitzeko denen artean. Osteguneko batzarra 20:00etan hasiko da, eta Aitonenan izango da. Aipatutako hori izango da gai nagusia, eta Uztarriak bazkide guztiei (600etik gora jada) bertara azaltzeko dei egiten die, oso erabaki garrantzitsuak har daitezkeelako.