-Esku-huska, Lau t´erdiko txapelketako lehen partida jokatuko duzu gaur. Zer suposatzen du zuretzat partida honek?
Niretzat jokatu dudan partidarik garrantzitsuena izango da. Ni urte osoan kanpoan ibiltzen naiz jokatzen, Burgos eta Soria aldean gehienbat, eta hau, hemen inguruan jokatuko dudan bakarrenetakoa izango da, eta gainera oso-oso garrantzitsua izango da niretzat.
-Aurkari gogorra izango da Olaizola II.a
Aurten sailkapenean goian aurkitzen nintzen eta zain nengoen zein aurkari suertatuko zitzaidan. Egia esan, talde gogorrean suertatu zait.
-Partidak zeresan asko izan du komunikabideetan, nola ikusten duzu hori?
Aurreko urtean txapelketa on bat egin nuelako da hori eta aurten jendea zain dago zer egingo dudan ikusteko. Iaz oso ondo ibili nintzen eta aurten, nahiz eta aurkari zaila suertatu, jendea zain egongo da.
-Zu zeu zer moduz aurkitzen zara?
Neu ondo aurkitzen naiz. Oraindik lehen partida da eta hori izango da txarrena. Bestela, entrenamenduetan eta oso ondo nabil. Arratsaldean ikusi behar zer ateratzen den.
-Entrenamenduetan gogor ari al zara?
Bai, entrenamendu asko egin ditut jada. Irailaren bukaeran hasi nintzen prestatzen txapelketarako. Prestaketa horien barruan sartzen dira, Lau t´erdian entrenatzea eta ariketa fisikoak egitea. Egunero zortzi ordu lanean egin ondoren denbora bilatu behar dut entrenamenduak egiteko, baina, gogoa izanez gero, denbora beti ateratzen da.
-Taktika bereziren batean pentsatu al duzu Aimar Olaizolari irabazteko?
Ez, ez, taktika berezirik gabe. Ni beti bezala jokatzen saiatuko naiz. Ni beti, berdin da zein den aurkaria, neure jokoa egitera joaten naiz. Egia da, Aimar Olaizola momentu hauetan oso ondo dabilela. Udan garbi erakutsi du maila onean dagoela eta oraindik ere maila horretan jarraitzen du.
-Aurreko urteko txapelketan erakutsitako maila ona ikusi ondoren, aurten esperantza berdinak al dituzu?
Ez, aurreko urtean hiru partida irabazi nituen eta laugarrenean galdu egin nuen, Patxi Eugiren aurka. Aurten hori eginez gero, finalaurrekoetan sailkatuko nintzateke. Nahiz eta Olaizola II.a aurkari gogorra izan, ezin naiz partida jokatu baino lehenago etsita atera. Esperantza asko ez dut, baina beti eduki behar omen da...
-Zer-nolako frontoia da Zegamakoa?
Frontoia oso ona da, kantxa bezala ona. Jendearentzat txiki samarra da eta hor egon litezke arazoak. Baina, frontoi bezala oso ona da.
-Azpeititik ere jarraitzaile mordoxka bat hurbilduko da Zegamako frontoira. Horrek motibazio gehiago ematen al dizu?
Bai, motibatu egiten du. Ni gustora sentitzen naiz jendea agertzen denean. Batzuetan presioa ere izan daiteke, baina, baita motibatzeko ere balio dezake. Niretzat lagungarria da.
-Partidarako emaitz bat ematekotan...
Ez dakit, baina, irabaztea nahiko nuke edo behintzat partidu on bat jokatzea. Irabaziz gero zoratzen egongo nintzateke. Partidua irabazten duenak, hurrengo aurkaria ere gogorra izango du, Ruben Beloki hain zuzen ere, beste izen haundiko pilotari bat. Baina, horretarako lehenengo irabazi egin behar dut.