Euskal Antzerki Topaketen XX. edizioa aurkeztu da

Uztarria.eus 2002ko aza. 8a, 17:11

Bihar, azaroak 9, Aktorearen Egunean Kontxu Odriozola omenduko da

Gaur, azaroak 8, eguerdian Azpeitiko Udaletxean XX. Euskal Antzerki Topaketen aurkezpena egin da. Aurkezpenarekin batera topaketak habian jarri dira. Bihar, Soreasun, 19:00etan, izango da lehen ekitaldia: Aktorearen Eguna ospatuko da eta bertan, Kontxu Odriozola azpeitiarra omenduko da eta Pako Aristik honi buruz idatzitako liburua aurkeztuko da.

Udaletxean egin den aurkezpenean, Azpeitiko udaleko alkatea Jose Mari Bastida, kultura zinegotzia Aitor Gorrotxategi, Joxean Bengoetxea Euskal Aktoreen Batasuneko ordezkaria, Pako Aristi Kontxu Odriozola liburuaren idazlea eta Jabier Arizabalo XX. Euskal Antzerki Topaketetako irudiaren egilea izan dira besteak beste.

Aitor Gorrotxategik, XX.Euskal Antzerki Topaketek antzerki "eskaintza zabala" jasotzen dutela adierazi du. "Heldu eta gaztetxoentzako antzelanak izango baitira; genero aldetik ere, drama, umorea... denetarikoak dira". Hala nola, antzerki zale guztiei Topaketerako gonbidapena luzatu die Gorrotxategik. Besteak beste, topaketetan izango diren antzerki taldeak honakoak dira: Hika Ai, ama! antzezlanarekin, Txalo Biblia eta Natatxa antzezlanekin, Bederen 1 Titibiliti antzezlanarekin, Ramon Agirre Ondo esan beharko antzezlanarekin, Dar-Dar Pinotxo antzezlanarekin, Iraulio Panttalone Band Ai Martin bertso-antzerkiarekin eta Elena Irureta, Loly Astoreka, Aitzpea Goenaga eta Eli Elizondo aktoreak osatutako taldea Hau Paraderoa antzezlanarekin. Itsasi Dantza Taldearen Lehena-oraina-geroa, taldearen 25 urteko ibilbidea jasotzen duen ikuskizuna ere antzerki topaketen baitan izango da.

Aktorearen eguna

Bihar, larunbata, azaroaren 9a, Aktorearen Eguna ospatuko da Soreasun 19:00etatik aurrera. Ekitaldi honetan Kontxu Odriozola aktorea omenduko da eta berari buruz Pako Aristi idazleak idatzitako liburua ere aurkeztuko da. Ekitaldi honen baitan, Azpeitiko Lakrikun Antzerki Taldeak esketx batzuk taularatuko ditu.

Kartel lehiaketako saria

XX. Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehikaetako irabazlea Jabier Arizabalo irundarra izan da. Topaketen aurkezpenean Arizabalok Azpeitiko alkatearen eskutik jaso zuen 901 euroko saria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide