Aktorearen Egunean Kontxu Odriozolari omenaldi jendetsua egin zitzaion

Uztarria.eus 2002ko aza. 11a, 13:11

XX. Euskal Antzerki Topaketak abenduaren 1ean amaituko da, Bederen 1en 'Titibiliti' lanarekin.

Kontxu Odriozolaren omenaldiarekin, hasi zen aurtengo XX. Euskal Antzerki Topaketak larunbatean. Soreasu antzokira azpeitiar ugari hurbildu zen omenaldirako. 19:00etan hasi zen ekitaldiak Aitor Gorrotxategi, Kultura Batzordeko Burua izan zuen aurkezle eta Kontxuk, Loli Astoreka, Arantxa Gurmendi eta Aizpea Goenaga, lankideak, Pedro Otaegi, lankideaz gain umetako laguna, eta Pako Aristi, bere biografiaren idazlea, izan zituen lagun mahaian.

Ordu ta erdi iraun zuen ekitaldian Kontxuk Lakrikum taldearen eskutik Azpeitian bizitako urteak gogoratzeko aukera izan zuen. Umetako eta gaztetako pasadizoekin muntai ezberdinak antzeztu zituzten taldekoek, eta Kontxuk "neure burua ikusi dut" aitortu zuen.

Kontxu hunkituta azaldu zen Azpeitiko Musika Eskolako 40 haurrek osatutako abesbatzak bere antzerki lan ezaguneneko abestia eskaintzean, Ama begira zazu antzezlanekoa. Hala ere, hau ez zen izan haurren emanaldi bakarra, omenaldiaren erdi aldera Goenkale telesaileko abestia entzun baitzen. Eta Maria Luisa, Kontxuren lanik ezagunena mahaira ekarri zuten. Kontxuk Goenkale telesailak lortutako arrakasta "gauza askoren ondorio" izan dela adierazi zuen, "gauza txiki asko elkarrekin bateratu eta hortik dator arrakasta". Mahaiko aktore guztiek egin zuten lan lehenago edo beranduago telesailean, eta Pedro Otaegik esker hitzak izan zituen Kontxurentzat: "Orain 10 urte ezezaguna nintzen, eta orain nagoen lekuan nago Kontxugatik. Berak nire lana ezagutzen zuen eta Goenkalen aktore bat behar zutela esan zidan. Eskerrak eman nahi dizkiot horregatik".

Aizpea Goenagak "bronka txiki" bat ere izan zuen Kontxurentzat: "Oso handia zara eta antzerki gutxi egiten duzu. Antzerki gehiago egin beharko zenuke, asko galtzen ari baikara". Lankidearen kexua aurreikusita edo, Kontxuk omenaldiagatik azpeitiko herriari eskerrak emateko antzezlan txiki bat taularatu zuen. Ander Arzelus-ek pasa den mendean idatzitako antzezlaneko bakarrizketa bat eskaini zien Kontxuk Pilar Aizpitarte eta Imanol Eliasi, eta Azpeitiko herriak antzerkirako duen zaletasuna galdu ez dezan eskatu zuen.

Ekitaldiaren amaieran Azpeitiko herriaren "Oscar pertsonala" eta lore sorta jaso zituen Kontxuk Alejo Uranga udal ordezkariaren eskutik. Eta Lakrikum taldeak, Leire Ostolaza, bertsolari azpeitiarrek idatzitako bertsoak abestu zizkion.

Euskaldunon Egunkariak Kontxuri egindako elkarrizketa irakurtzeko egizu klik hemen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide