Herriko zazpi gazteren aurkako epaiketak gaitzetsi zituzten prentsaurrekoan iragan larunbatean

Uztarria.eus 2002ko aza. 19a, 19:11

Larunbatean, azaroaren 23an, egingo den manifestazio ixilerako dei egin zuten.

Ertzantza eta bizkarzainekin izandako istilu ezberdinen ondorioz zazpi gazteri kartzela zigorrak eskatzen zaizkie. Guztira 17 urteko espetxe zigorra eskatzen dute gazteen aurkako hiru auzitan.

Lehenengo epaiketa urriaren 24ean izan zen, Andoainen Ertzantzarekin izandako gertakari baten ondorioz 9 hilabeteko kartzela zigorreko eskaria du Julen Arrietak. Bigarren epaiketa, azaroaren 14ean izan zen, 1998an PP-k Enparan Dorretxean antolatutako hitzaldian sortutako liskarren ondorioz, Josu Urbietari eta Xabier Etxeberriari bina urteko kartzela zigorra eskatzen zaie, eta Ekain Urrestillari berriz, bost urtekoa. Hirugarren epaiketa abenduaren 11an izango da, 2001ean presoen elkartasunez egindako ekintza baten ondorioz Asier Aranbarriri, Haritz Arzallusi, Iñaki Azkueri, Julen Arrietari eta Xabier Etxeberriari 18na hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zaie.

Prentsaurrean Euskal Herriak eta bereziki, Azpeitiko herriak jasaten duen errepresioa salatu zuten, eta manifestazio eta adierazpen eskubideak urratuta izateaz gain, herrian somatzen den gorputz polizialen presentzia salatu zuten, besteak beste. Prentsaurrean adierazi zutenez: “Demokrazi formal baten herritar orok eduki behar lituzken eskubideak ukatzen zaizkigu, ezin dugu egon begira, erantzun beharra dago aurrera egiteko. Horregatik, zor dizkiguten eskubide demokratikoen defentsan antolatu eta abiatu beharra dugu. Bizi dugun gatazka gainditu eta euskaldunon eskubide demokratikoa errespetuko luken eskenatokiaren aldeko urratsak emango ditugu”. Honela datorren larunbatean, azaroaren 23an, ‘Utzi Azpeitia bakean. Montai polizial-juridikorik ez’ lemapean egingo den manifestazio ixilerako dei egin zuten hainbat talde eta plataformaren atxikimenduekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide