Emanaldi berezi honetan, Itsasiko partaide zan diren musiko nahiz dantzariek, gaur egun taldea osatzen dutenek eta Itsasiren etorkizun izango diren haurrek hartuko dute parte. Guztira 32 musikari, 92 dantzari handi eta 34 haur. Beraz, 158 lagun inguru izango dira emanaldi honetan partaide.
Irailean hasi zen Itsasi emanaldi honen prestakizunetan, eta lan handia egin ondoren, ekitaldi koloretsu eta bizia prestatu du. Beraz, Itsasi Euskal Kultur Taldeak guztiok gonbidazen zituzte, Lehena, Oraina eta Geroa
, emanaldia ikustera azaroaren 23an, iluntzeko 21:30ean Izarraitz pilotalekuan.
Urtean zehar egindakoak
Uztarria.com honetan Itsasi Kultur Elkarteak taldearen 25. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldien berri behin baino gehiagotan eman dugu. Izan ere itsasikoek taldearen lehen 25 urteak ospatzeko hainbat ekimen burutu dituzte urtean zehar.
- Urte hasieran taldearen egutegia atera zuten.
- Udaberrian taldearen arropekin erakusketa zabaldu zuten. Eta bestalde, Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean, hauek ere 25. urteurrena ospatzen zutela eta, dantza taldearen argazkiak ere ikusgai izan ziren.
- Maiatzeko Asteburu Musikalak programaren baitan ere taldeko txistulari eta musikariek emanaldia ere eskaini zuten.
- Uztailaren 27an Luar Na Lubre taldearen kontzertua antolatu zuen. Aurretik, Amerikako Estatu Batuetako Utah-n nazioarteko folklore jaialdi batetan parte hartu zuten.
- Eta azkenik, irailaren 14ean, taldearen historia biltzen duten liburua eta bideoa aurkeztu zuten Aitonena aretoan egindako ekitaldian. Liburua eta bideoa salgai dira herriko liburudendetan.