Uztarria.com Software Libreko Mintegian izan da

Uztarria.com 2002ko aza. 25a, 10:11

UEUk antolatutako mintegia da, Eibarren

Larunbatean, azaroaren 23an, UEUk (Udako Euskal Unibertsitateak) antolatuta Software Librearen II. Euskal Mintegia izan zen. Aretoa bete egin zen, eta sarrera eskatutako batzuk kanpoan gelditu ziren. Bederatzi hitzaldi labur izan ziren, eta horietako bat, uztarria.com honi buruzkoa.

Eibarko Markeskua jauregian, Software Librearen II. Euskal Mintegia ospatu zen. Goizean, software librearen mugimenduaren eta aurten martxan dabiltzan produktu eta aplikazioen berri izan genuen.

Guztira, bederatzi hitzaldi zeuden aurreikusita, eta hauetatik zortzi egin ahal izan ziren. Programa osoa eta izandako hitzaldiak mintegiko webgunean ikusi ditzakezu (albiste hau idazterako orduan oraindik osatu gabe dago informazioa).

Sarean, Sustatun ere eman da mintegiaren kronikatxoa, eta han aipatu bezala aurten egindako gauzak ikusi dira, "jendeak egindako lanak, tresnak, proiektuak. Gizarte taldeen proiektuak ( Indymedia Euskal Herria eta Leioako Metabolik Hacklab, Uztarria koordinakundea, EuskalGNU ) eta enpresen ahaleginak (Emun, Code & Syntax, eFaber, Zuhar )".

Uztarria.com

Uztarriako Josu Azpillagak, gure herriko esperientzia komentatu zuen. Nola, Uztarria Kultur Koordinadoraren komunikazio proiektuaren barruan kokatzen den webgune hau; nondik sortu zen ideia; nola elkar-elikatzen diren aldizkaria eta webgunea; nola sarearen ezaugarriak aprobetxatzera jo zen hasiera-hasieratik; orain artean egindako lanaren ondorio batzuk zein diren; aurrera begira zer asmo dagoen, eta abar.

Erakutsitako diapositibak (pdf, 251k) eta emandako hitzaldia (pdf, 286k) oso-osorik dauzkazu hementxe bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide