Aski da! Osasun administrazioan euskaraz!

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz 2002ko aza. 28a, 11:11

Badirudi gure herrian euskaldunok hizkuntza eskubide oro errespetatua dugula, eta hau zalantzan ez jartzearen arrazoia, Azpeitia herri euskalduna dela uste izatea da. Baina euskaldun garenok, lehenik eta behin ‘gure herria’ terminoak oinarrian duen esanahia argitu beharko genuke hizkuntz eskubideez mintzo garenean.

Jakitun izan behar genuke ‘gure herria’ Azpeitia izateaz gain badela zerbait gehiago, Euskal Herria bere osotasunean. Izan ere, euskara ez da azpeitiarron hizkuntza eta eskubidea soilik, euskal herritar guztiona baizik. Beraz, euskaldun bakoitzaren oinarrizko eskubidearen urraketa norberaren herrian gertatzen dela esateaz gain, euskaldun guztion herrian gertatzen dela azpimarratu beharrean gaude, eta aldi berean argi izan behar genuke arazo hau konponbide bilakatzeko, herriz herri, eta herri bakoitzeko txoko guztietan euskarak hizkuntz ofiziala izan beharko lukeela.

Hausnarketa honetan oinarrituz, beraz, eskubide urraketa hauek gertatzearen zio nagusia identifikatu beharrean gaude. Nork ez digu ziurtatzen Euskal Herriko txoko guztietan euskaraz hitz egin ahal izango dugula? Euskararen erabilera, euskal esparruen eskaintza, euskarazko irakaskuntzaren eskaera eta eskaintza... gero eta indartsuagoak direla azpimarratzen diren garai hauetan, ez al da kontraesankorra hainbat osasun zentrutan, gune pribatutan, udal administraziotan, epaitegitan... erdaraz hitz egin beharra izatea? Honek guztiak gaur egungo hizkuntz politika zintzilik jartzen digu eta euskara ofiziala izango den hizkuntz politika baten beharra sendotu.

Arestian aipatu bezala, azpeitiarrok ez gara egoera honen salbuespen. Udalak iazko abenduan Euskararen Biziberritzeko Plan Nagusia aurkeztuz, bazirudien herriko gune guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko zela, eta euskaldunok euskaraz mintzatzeko arazorik ez genuela izango epe batetik aurrera. Baina egoera jasangaitz baten aurrean gaudela esan dezakegu.

Aurten, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan osasun administrazioak 1.723 lanpostu berrietarako azterketak burutu ditu eta bertan euskara meritu bezala baloratu izan da, eta aurkeztu denari ez zaio euskararen ezagutza eta erabilera derrigortu. Jar gaitezen gure herriko osasun zentruko euskararen egoerari begira. Zenbat jendek du eskubidea sendagilearengana joan eta euskaraz komunikatzeko? Ez al da ordua hainbat erakundetatik ziurtatzen digutena betetzen hasi eta azpeitiarrok adibidez sendagilearekin euskaraz hitz egiten hasteko? Azpeitiko osasun zentruan haurrek ere ezin dute argi azaldu zer gertatzen zaien, derrigortuak direlako ama hizkuntza ez den beste hizkuntza baten bidez azalpenak ematera. Bertan ditugun 2 pediatrek ez dakite euskaraz eta badirudi beste pediatra 1 kontratatuko dutela (baliteke honek ere euskara ez menperatzea); beraz, 3 pediatra izango genituzke gure herrian, non euskaldunoi dagokigunez 2+1=0 pediatra euskaldun = 0 eskubide euskaldunok jasan beharko genukeen.

Bada garaia honi aurre egiteko, erantzukizunak eskatzeko, osasun zentruan behar ditugun sendagileak (pediatrak) euskaldunak izateko, euskara herriko txoko guztietan urratu ezin den eskubidea bilakatzeko, euskaldunok antolatu eta gurea dena aldarrikatu eta eskuratzeko.

Aski da! Osasun zentruan euskaraz bizitzeko eskubidea orain! Euskararen ofizialtasuna!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide