Erreka taldea izan da onena Bertso Parranda 2002an

Uztarria.eus 2003ko urt. 8a, 15:01

Erreka taldea nagusitu da Bertso Parranda 2002 kuadrilen arteko txapelketan. Taldea Josu eta Xabier Azpillaga anaiek eta Iñigo Gorrotxategi Alabier-ek osatzen dute. Abenduaren 27an 00:00etan, Inuxente egunerako mugan, beraz, jokatu zen finala Mendizaleen tabernan eta Goxube taldea izan zuten aurkari, Errekakoek.

Bertsolaritzak berriro gure tabernetan indarra hartu duela dirudi, eta beraz Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertso Parranda 2002ak bere helburua bete du, bertso eskola kalera ateratzea alegia. Ekimenak partaidetza ikaragarria izan du, bai bertsolari bai ikuslego aldetik. 24 bertsolari aritu dira 8 taldetan banatuta eta saio guztietan tabernak gainezka izan dira. Laxaro Azkune, elkarteko lehendakariak, azaldu duenez "hiru ezuzteko izan dira txapelketan: tabernak puntaraino bete dira, jendeak errespetuz entzun ditu bertsoak eta bertsolariak harritu egin dira eman duten mailarekin".

Azaroaren 8an eman zitzaion hasera txapelketari, eta harrez gero Erreka, Goxube, Behetarrak, Beti Gazte, M.A.K, Bota, Puf eta Urrustil taldeak alkarren kontra lehiatu ziren. Lau kanporaketa saio izan ziren eta aurrera Beti Gazte, Erreka, Behetarrak eta Goxube taldeek egin zuten. Talde hauen arteko finalaurreko saioetan, berriz, Goxube eta Erreka taldeak sailkatu ziren finalerako. Azkenen, Erreka taldea gailendu zitzaion Goxube taldeari azken saioan. Bertso Parrandan aritu diren 24 bertsolariak datorren larunbatean, urtarrilaren 11an, jasoko dute saria: denak batera afaria izango dute. Eta agian erronka bat baino gehiago izango da bertan.

Uztarria aldizkariko azken zenbakian Bertso Parrandak izandako arrakasta aitzakiatzat hartuta bertsolaritzak gure tabernetan izandako afizioa landu dugu erreportai honetan .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide