"Izan direlako gara eta bagarelako izango dira" dio ele zaharrak. Hain zuzen ere, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (EBPN) tokian tokiko euskaldunek, hizkuntzari dagokionez, gizaldiz gizaldi garatu duten herri nortasunari eutsi nahi dio, belaunaldiz belaunaldiko hizkuntza-usadioen katea eten ez dadin. Hori dela-eta, Azpeitiko Euskara Patronatuak Azpeitian kantatu izan diren eta, oraindik ere, belaunaldi batzuengan bizirik dirauten herri-nortasunaren kantu horiek indarberritzeko ikastaro bat antolatu du Gazteria Sailarekin elkarlanean, Azpeitiko belaunaldi berrietara azpeitiarren betiko kantuak zabal daitezen.
Azpeitiko gizarte bizitzarekin lotutako kantuak
Azpeitiarrak festa zaleak garela entzun izan dugu han-hemenka eta, geure burua ere, halakotzat aitortzen dugu sarritan. Azpeitian, eta Euskal Herriko edozein bazterretan, festa eta kantua elkarren eskutik doaz, hori ukaezina da. Beraz, Betiko Herri Kantak
ikastaroaren gurdia bi gurpilen gainean ardaztuko da: batetik, Azpeitiko gizarte-ospakizunekin uztartutako kantutegia landuko da (Besteak beste, Santa Ageda, Ihauteriak,... ) . Batez ere, arlo honetan jorratuko diren kantuak, Azpeitia eta azpeitiarren izaerarekin eta herri-nortasunarekin lotura estua duten kantuak izango dira. Ikastaroaren bigarren gurpila, berriz, lagunarteko eta familiako kantutegia izango da. Hemen ere, azpeitiarren herri nortasunari eta usadioari atxikitako kantei erreparatuko zaie bereziki.
Azpeitiko kantutegiaren jabe izan nahi duten guztientzat
Betiko Herri Kantak
ikastaroa, batez ere, Azpeitian haur, gaztetxo eta gazteekin harreman zuzena duten guztientzat antolatu da (begirale, hezitzaile, irakasle eta gurasoentzat). Dena dela, gazteei zuzen-zuzenean eskaintzeko ere prestatua dago ikastaroa. Beraz, gazteez osatutako taldea osatuko balitz, ikastaroa emateko aukera ere badago (gazteak animatzea da kontua). Betiko Herri Kantak
ikastaroaren iraupena 20 ordukoa izango da (10 laguneko taldean) eta astean bi orduko saio bakarra emango da izena ematen dutenek aukeratutako egun eta ordutegian.
Azpeitiko kantutegiarekin osatutako CDa opari
Ikastaroa, izena ematen duten guztientzat, erabat dohainik izateaz gain, ikastarora etortzen direnei Azpeitiko herriaren betiko kantak biltzen dituen CDa oparituko die Azpeitiko Euskara Patronatuak. Oparia jasotzeko, gutxienez, %85eko asistentzia izan beharra dago. Ikastaroan izena emateko epea otsailaren 7an amaituko da. Izen ematea, berriz, Zapotxokon edota Euskara Patronatuan egin daiteke (Tel. 943 81 45 18).