Zenbat metro ditu zure etxeak? Eta zein da bere balio katastrala?

Josu Azpillaga 2003ko urt. 29a, 16:01

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako ondasun higiezinen eta hirilurren katastroa sarean jarri du edonork kontsultatzeko moduan. Alegia, helbidea jakinez gero, edozein etxe edo lokalen informazio katastrala atera daitekeela: finka horren azalera, lurraren balio katastrala eta eraikuntzaren balio katastrala.

Aplikazioa, helbide honetan dago kontsultagai: http://www3.gipuzkoa.net/ogasuna/catastro/defaulte.asp

Demagun, adibidez, Azpeitiko Salbe auzunean kartel bat ikusi dugula: etxea salgai, Salbe 10-2.C. Geure buruari galdezka hasi gara: zenbat metro ote ditu?

Bada, erantzuna jakiteko, aski da goiko helbidera joan eta bilaketa egitea. Hartara jakingo dugu, etxe horrek 86,58 metro karratuko zabalera duela, eta 69.895,63 eurotako balio katastrala.

Etxearen kokapena Azpeitiko planoan ikusteko aukera ere badago, gainera. Orri horretan bertan goiko planoa ikusi klikatu, eta listo. (Horretarako, aurrez bistaratzaile berezi bat istalatuta eduki behar da, hemendik egin dezakezuna).

Bilaketa egiteko modua ere erraza da. Idatzi udalerria kanpoan bilatu nahi duzun herriaren izena, eta konfirmatzeko, eman alboko Bilatu botoiari. Han ikusiko duzun balorea aukeratu. Ondoren, kalearekin berdin: ipini, adibidez, salbe, eta eman Bilatu botoiari: ikusiko duzu, datu-base horretan kale horren izen ofiziala Salbeko Auzunea dela. Gero, eta azkenik, atari-zenbakia sartuko dugu, eta Bilatu botoiarekin konfirmatu. Eta listo.

Barkatu al dit etxe horren jabeak, berea adibidetzat hartu izana.

Informazio gehiago ere bai

Katastroaren inguruko informazioa, gainera, ez da hor bukatzen. Herri bakoitzean definitzen diren azpizona katastralak ere kontsulta daitezke. Azpeitiko azpizona guztiak, adibidez, dokumentu honetan biltzen dira.

Gero, azpizona horien arabera neurtzen da merkataritza erabilerarako lokal baten balioa, adibidez.

Kriterioak definitzen diren dokumentua hemen

Eta katastrotik aparte

Baina, Gipuzkoa Foru Aldundiak bestelako zergei buruzko informazio ere jarri du sarean.

Aplikazio kuriosoa, adibidez, honako hau: Garraiobideen balorazioa

Data zehatz bateko ibilgailuen balorazioa azkar eta erraz egin daiteke: turismoa, lur orotarikoa, motozikleta nahiz urontzia izan. Ibilgailu desberdinak nola baloratzen diren jakiteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide