Uztarriak erabat baiezta dezake dagoeneko: Julian Eizmendi izango da EAJren alkategai maiatzaren 25eko udal hauteskundeetarako. Izan ere, EAJn orain arte zegoen beste hautagaiak erretiratu du hautagaitza: Jose Mari Bastidak, hain zuzen.
Bastida egungo alkateak EAJko afiliatuei karta bana bidali berri die otsailaren 3ko datarekin, Uztarriak eskuratu egin du gutun hori, eta "kandidaturari era ofizialean uko" egin diola esaten du Bastidak. Eta "minduta" azaldu da. "Uri Buru Batzarrari adierazi ondoren, zuzenean adierazi nahi izan dizuet nire erabakia, eta bide batez jakinarazi, gaur arte nire erabakia ez adieraztearen arrazoi bakarrak Uri Buru Batzarreko kideek nirekiko agertu duten mesfidantza bidegabea eta etengabe pairatu dudan jakinaren gaineko desinformazioa" izan direla dio Bastidak.
Bastidak kartan esaten du 1999ko udal hauteskundeen ondoren erabaki zuela berriro ez aurkeztea, eta 2001ean eta 2002an berretsi egin zuela horixe bera. 2002ko "ekainean bertan, Uri Buru Batzarrari nire erabakia prentsaurreko baten bitartez argitzeko asmoa aditzera eman nion, eta hain justu, bertako kideek erantzun zidaten erabakia aurrez jakinaraztea ez zela gomendagarria", baina, "hala ere", herri batzordeari "laguntza eta esperientzia osoa eskaintzen jarraitu" zion. Orain ez omen du, ordea, balizko hautagaien berri askorik izan, eta ez zaio hori gustatu. "Uri Buru Batzarrak nire eskaintza gutxietsi du. Horregatik, Uri Buru Batzarreko nire adiskideen jarrera arraro eta ulertezin horrek mindu egin nau".
EAJko afiliatuei eskerrak emanez amaitzen du karta Jose Mari Bastidak.
Uztarria herri aldizkariak bere azken zenbakian emandako albistea baieztatu eta gero, EAJk bere zerrendaburua Julian Eizmendi izango dela publiko egitea besterik ez da falta. Behin Bastidaren hautagaitza erretiratuta, EAJk eta EAk koalizioa egingo dute udal hauteskundeetarako, EAk zerrendaburu egungo alkatea ez izateko baldintza jarria zuelako.
Jose Mari Bastidaren gutuna EAJko afiliatuei
"2003ko otsailaren 3a
EAJ/PNVko nire adiskideentzat:
Hautagaien-zerrendarako aurkezpen epea amaitu da, eta 2003ko maiatzeko udal hauteskundeetarako gure hautagai ofiziala izango dena alderdiko afiliatuen artean aukeratzeko ordua heldu.
Une hau garrantzi handikoa da bi arrazoirengatik:
- lehenengo eta behin, hauteskunde hauen emaitzen menpe egongo delako Azpeitian EAJ/PNVren etorkizuna epe motzera eta luzera.
- bigarrenik, hauteskunde hauen menpe egongo delako baita ere, Ibarretxe Lehendakariak iragarri duen herri-galdeketa Azpeitian behar den normaltasunarekin eta eraginkortasunarekin burutzea.
Nire aldetik, eta bizitzea tokatu zaigun unearen garrantzia funtsezkoa dela ondo dakidan arren, nire kandidaturari era ofizialean uko egin diodala esan nahi dizuet. Denok dakizuen moduan, nik ez nuen aurkeztu, alderdiko kide batzuek baizik. Uri Buru Batzarrari adierazi ondoren, zuzenean adierazi nahi izan dizuet nire erabakia, eta bide batez jakinarazi, gaur arte nire erabakia ez adieraztearen arrazoi bakarrak izan direla Uri Buru Batzarreko kideek nirekiko agertu duten mesfidantza bidegabea eta etengabe pairatu dudan jakinaren gaineko desinformazioa.
Egia esan, hautagai gisa ez aurkeztearen erabakia duela lau urte hartu nuen. Alderdiari adierazi nion 1999an, azken udal hauteskundeen ondoren. Bi urte beranduago, nire erabakia berretsi nuen, eta azkenik, 2002ko ekainean ere berdin egin nuen. Ekainean bertan, Uri Buru Batzarrari nire erabakia prentsaurreko baten bitartez argitzeko asmoa aditzera eman nion, eta hain justu, bertako kideek erantzun zidaten erabakia aurrez jakinaraztea ez zela gomendagarria. Hala ere, borondate onenarekin, Uri Buru Batzarrari nire laguntza eta esperientzia osoa eskaintzen jarraitu nion; baita ere, jakina, balizko hautagaien bilaketan parte hartzeko orduan ere.
Lau urte luze igaro dira eta legintzaldi [sic] honen amaieran soilik izan dut balizko hautagaien berri laburra. Era honetan, Uri Buru Batzarrak nire eskaintza gutxietsi du, 1979tik aurrera gaur arte beti kontuan hartua izan eta gero. Horregatik, Uri Buru Batzarreko nire adiskideen jarrera arraro eta ulertezin horrek mindu egin nau; bestalde, euren jokabideak, beraiek hartu dituzten erabaki horien arduraz aske uzten nauela esan beharra dago.
Eskutitz hau ez da agurra, oso bestela, zuen ondoan adiskide bat gehiago bezala egongo naizela ziurtatzen dizuet. Betiko moduan, Azpeitiko EAJ/PNVren etorkizunerako nire ahalegin, esperientzia eta ilusio osoa emateko prest nago.
Horregatik, nire bizitzaren aldi berri bat hasi aurretik, ez nuke nahi joaterik alderdiko nire adiskide guztiei eskerrak eman gabe zuen konfidantza eta urte askotako lanagatik. Horri esker, Azpeitia inoiz baino gehiago herri aitortua, errespetatua eta baloratua baita.
Jose Mari Bastida Arrieta"