Bost kartzelara eta lau kalera

Uztarria.eus 2003ko ots. 25a, 17:02

Horixe da Juan del Olmo epaileak hartutako erabakia. Bost kartzelaratuak Xabier Alegria, Xabier Oleaga, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Iñaki Uria dira. Eta Martxelo Otamendi, Inma Gomila, Luis Goia eta Fermin Lazkano fidantzapean aske geratuko dira. Bestalde, Pello Zubiriak ospitalean jarraitzen du.

Bost atxilotuak Soto del Real kartzelara eramango dituzte, eta inkomunikazioa altxatuko omen zaiela ere jakitera eman da. Atxilotuak Xabier Alegria, Xabier Oleaga, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta "Iñaki Uria":http://www.egunero.info/030220/orriak/orria6.html#uria dira.

Bestalde, beste lau lagunak fidantza ordaindu ondoren aske geratuko dira. Guztira 72.000 euro (12 milioi pezeta) eskatzen zaizkie hauei. Martxelo Otamendiri 30.000 euro, Inma Gomilari 18.000 euro, Luis Goiari 12.000 euro eta Fermin Lazkanori 12.000 euro. Euskadi Irratiak jakitera eman duenez Martxelok, Inmak eta Luisen fidantza dirua aurkeztu da jada Madrilen eta beraz, kalean izango dira laster. Fermin Lazkanok oraindik ez du dirua aurkeztu.

Pello Zubiria oraindik ospitalean da eta epaileak ez du erabakirik hartuko berarekin egon arte. Pello inkomunikatuta da deklaratu bitartean, eta Euskadi Irratian harren emazteak jakitera eman duenez epaileak ez du medikuen baimenik Pello hitauntzeko.

Bestalde Euskadi Irratian bertan, Jon Ordoñez Egunkariako langileak jakitera eman duenez Madrilera gerturatu diren lankide eta senitartekoek ez dute Soto del Realen sartzeko baimenik lortu eta inguruko gasolindegi batean dira. Bertaratutako Egunkariako langile eta atxilotutakoen senitartekoak Martxelo, Inma eta Luis askatu bitartean bertan izango dirala jakitera eman du: "Nekatuta eta atsekabetuta gaude. Bost lagun preso ditugu, eta beste laurak ateratzea poztekoa izanda ere Pello Zubiriaren egoerak kezkatzen gaitu. Gaur 20:00etatik 24:00ak bitartean aterako direla esan digute eta hemen izango gara zain". Fermin Lazkanoren sendia fidantza bihar goizean ordaintzekotan dela jakinarazi du, eta beraz, bihar bertan kalera aterako dutelakoan dela esan du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide