Azpeitian ezkertiar eta abertzaleen plataforma osatu da

herri plataforma 2003ko ots. 27a, 18:02

Hainbat herritarrek osatutako herri plataforma martxan jarriko da larunbatean egingo duten aurkezpenarekin

Agur térdi

Euskal Herria momentu latzak eta historikoak bizi dituela aski ezaguna zaigu guztioi. Herri hau zatitu, lotu eta zapaldu duen egitura instituzionala azken hatsak ematen ari denean, Euskal Herria batu eta askatzeko garaietan gaude.

Baina bidea zoritxarrez arantzaz betea dugu. Bi estatuek Euskal Herria herri baino hilerri bezala ikusi nahi dute. Izan ere badakite Euskal Herriak bere eskubideak gauzatzeko, bere bidea egiteko, aukera historiko baten aurrean dagoela. Honela, etor daitekeenaren beldur, direnak eta ez direnak egiteko prest daude. Begiratu bestela, egunkariarena kasu, Euskal Herriaren alde lanean ari garen herritar zein eragileek jasotako errepresio zaparrada!

Testuinguru honetan kokatu behar dugu baita ere batasunaren ilegalizazio prozesua. Datorren kolpe errepresibo berriarekin, ezkertiar eta abertzale izaera duten proiektu orori ate guztiak itxi nahi dizkiote, baita instituzioetakoak ere. Ezkertiar eta abertzaleon aldarriak, irtenbide demokratiko baten aldeko lan eta proposamenak lurperatu nahi dituzte. Eta hau ezin dugu onartu. Inoiz baino ozenago, ezkertiar eta abertzaleon ahotsa entzun behar da kalean, lantegietan, ikastetxeetan... eta noski instituzioetan.

Ilegalizazio eta oztopoen aurrean bide berriak asmatu, eraiki behar ditugu. Prozesu berri bat egoera berrian eta herrietan oinarriturik. Prozesu berria, zabala eta herritarra ireki behar dugu. Desberdintzen gaituenaren gainetik, batzen gaituenari atxikituz. Eta asko gara. Azpeitian eredu autoritario eta atzerakoien gainetik, eredu herritar eta partehartzailea aldarrikatzen dugunak gero eta gehiago gara. Bil ditzagun aldarrikapen guzti hoiek eta biderkatu ditzagun gure indarrak, harremanak, loturak...!

Ondorioz deia luzatzen dizugu, asmo guzti hauek aurrera eraman ahal izateko, herri plataformaren aurkezpenean parte har ezazun. Guztion partehartzea ezinbestekoa baita bakean eta askatasunean biziko den Azpeitia eta Euskal Herri berri baterako.

Besterik gabe, eskaera kontuan hartuko duzulakoan

Adiorik ez

EGITARAUA

  • 12ETATIK AURRERA TRIKITILARIAK HERRIAN ZEHAR
  • 12´30ETATIK AURRERA HERRI PLATAFORMAREN AURKEZPENA:
    • TXALAPARTA-BERTSOLARIAK
    • AGIRIAREN AURKEZPENA
    • GIZALOGO ERRALDOIA
    • HAMAIKETAKOA

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide