Herritarrekin bilera zabalak egiteari 2002 urtekoekin ekin genion, gure zirriborroa lantzeko eta behin betiko proposamena tajutzeko, eta aurten ere bi bilera egin ditugu dagoeneko Azpeitiko hainbat talderen parte hartzearekin. ASAren proposamena burutzear da eta bere ezaugarrien berri eman nahi diegu herritarrei. Hirugarren bilera baterako deia ere egingo dugu aurrekontuak legealdia amaitu aurretik onartzen badira (maiatza baino lehen alegia), bertan gure postura zein izan den azaltzeko eta onartuko diren aurrekontuei gainbegirada kritikoa egiteko.
Aurrekontuei begira gure taldetik egitasmo proposamenak egin ditugu, baina bakoitzari dagokion diru partida esleitu gabe. Guretzat herriak dituen premia nagusien zerrenda egin dugu eremuz eremu, eta bigarren fase batek ekarriko luke horietako bakoitzari zenbateko dirutza eskaini erabakitzea. Zer proiektu aurrera eman adostuz gero, hori ezin da gastatuko den dirutzatik aparte hitzartu eta teknikarien lanak ere badu zer esana egitasmoak diseinatzeko orduan. Lehenbiziko eginbeharra jotzen dugu beraz, herri mailako lehentasunak finkatzea, eta gero, teknikarien laguntzaz, behar horiei aurre egiteko behar diren diruak esleitzeko lana etorriko litzateke.
Aurrekontu proposamenak hamabost eremutan bereiztu ditugu eta batzuk garatuagoak daude besteak baino. Orain arteko azalpenak ematez gainera, ordea, gure asmoa ere bada herritarrek gure proposamena sakon aztertzeko aukera izatea eta bakoitzak bere ekarpenak egitekoa. Azpeitiarren parte hartzea bultzatu nahi dugu herri mailako alor guztietan eta esan gabe doa zein garrantzi duten udal aurrekontuek gizarte bizitzan. ASAren udal eredua ez da orain arte agintean direnek defenditzen dutena. Guk herritarra udaletxean nahi dugu lanean, batzorde desberdinetan parte hartzen, bere lankidetza eskaintzen. Eta aurrekontuak osatzeko garaian ere herritarrak ezinbesteko osagarri izan behar lukete.
Hemendik animatu egin nahi zaituztegu, bai gizabanakoak eta bai talde antolatuak, gure proposamena aztertu eta zeuen iritziz herrian heldu beharreko gai nagusiak zein diren adieraztera, hartara gure proposamena interesgarri iruditzen zaizkigun ekarpenekin aberastu dezagun.
Azpeitiko Sozialista Abertzaleak udal taldearen proposamenak atal hauek ditu: barne batzordea, euskara, kultura, baserria, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, ingurugiroa, kirolak, festak, hirigintza, gazteak, ogasuna, merkataritza eta turismoa, presoak eta errepresaliatuak eta udalbiltza. 2003. urterako egitasmo proposamena hemen ikusi daiteke oso-osorik.
Azpeitiko Sozialista Abertzaleak taldekook bihotzez eskertu nahi diegu orain arte gurekin lankidetzan jardun duten talde eta pertsonen lana eta aurrerantzean ere lagunduko digutenena. Hori gabe, noski, bestelakoa, pobreago izango zatekeen ASAren proposamena.
Azpeitian 2003.urteko martxoaren 10ean