Giro beroa Urtzi Tabernan

Jose Luis Otamendi 2003ko mar. 18a, 16:03

Poesia emanaldia

Igande arratsaldean Arratiako Zantzoa taldeak Geizpetatik poesia emanaldiarekin ikuslegoa beretu zuen.

Martxoaren 16an poesiaren eta musikaren doinuek hartu zuten Azpeitiko txoko bat. Urtzi tabernan arratsaldeko 7:30ak zirenean Zantzoa poesia taldeak bere emanaldiari ekin zion hogeitaka ikusleren aurrean. Gaizka Amondarain poeta gaztearen gidoi batean oinarrituta eta "Non demontre"ko musikarien laguntzaz Zantzoakoek egile desberdinen poemak irakurri zituzten: Josu Goikoetxea, Igor Estankona, Joseba Sarrionandia, Gerardo Markuleta, Gaizka Amondarian, Nagore Amondarain... Musikak eta hitzek bertaratutakoen gogoa berotu zuten. Poemek kritika karga handia zuten askotan, gizarteak baztertzen dituenak baitira hizpide nagusi eskaintza poetiko horretan, baina, hala ere, ikuslegoaren sentiberatasuna ukitu eta poema bakoitzaren ostean txalo zaparrada guztiz naturala sortzen zen.Saioa amaitu zenean poesiak gozatutako tarte eder bat igarotako ahogozoarekin joango zen bat baino gehiago. Erreibindikazioa eta edertasuna uztarturik.

Munduko Herri batean (Gernika Deialdia) ekimenaren babesean antolatu zen poesia ekitaldia. Gure herriak bizi duen erasoaren aurrean, literatur eremuko hainbat taldek eta idazlek bere lan tresna nagusia, hitza alegia, Euskal Herri batu, jaso eta libre baten aldeko aldarrikapena egiteko kaleratzea erabaki zuten, eta duela hilabete pasatxoan hasita hamar bat emanaldi poetiko desberdin burutu dituzte gure herriko hainbat eta hainbat hiri eta herritan. Zantzoarena orain arteko azkena izan da, baina badatoz gehiago. Poesiak ezin du atertu.

Oharra

Poesi emanaldi honen ondoren etxera bidean musikariei kitarra ahaztu zitzaien kotxea aparkatuta zuten lekuan, Loiolabide inguruan. Kitarra norbaitek jaso badu Uztarriara bertara haren berri emateko eskatu digute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide