Metal arloko grebarekin bat egin dute hainbat azpeitiarrek

Uztarria.eus 2003ko mar. 21a, 17:03

Metal arloko hainbat langile azpeitiarrek bat egin dute gaurko, martxoaren 21erako, ELA eta LAB sindikatuek deituta zuten grebarekin. Honela lana utzi eta manifestazioan atera dira eguardian.

ELA eta LAB sindikatuek Gipuzkoako Metalgintzako Probintzia Hitzarmenak egun bizi duen blokeo egoera salatzeko eta hitzarmenaren defentsan deitu dute gaurko mobilizazioa. Bi sindikatuek egoera honen errudun ADEGIk "negoziatzeko azaltzen duen gogo eza" dela gaineratu dute. Negoziazioak martxoaren 6an eten ziren, hirugarrengo bileran, eta harrez gero ez dira bildu. Baina ADEGIk astelehenerako, martxoaren 24rako, bilera deitu du.

ELA eta LAB sindikatuetako metaleko federazioek Gipuzkoako Metaleko Lan Hitzarmenerako plataforma bateratua adostu zuten. Honen puntu garrantzitsuenak ondorengoak dira:

  • %6,5eko soldata igoera (taulatan eta soldata errealei dagokienez)
  • Lanaldiaren 24 orduko jaitsiera,
  • Geroara langileak eta enpresariak egiten duten ekarpena soldata gordinaren %1,75etik %2,25era gehitzea
  • Errelebu kontratuaren aplikazioa enpresa guztietan
  • E.I.ren soldata osagarriak
  • Aldi baterako langileen kontratazioei murrizpenak
  • Aldi baterako enpresen bidezko kontratazioak debekatu

ADEGIk onartutakoa berriz ondorengoa da:

  • %2,45eko igoera soldatetan eta %3,5a tauletan
  • Lanorduaren murrizpenik ez
  • Mugarik gabeko mugikortasun funtzionala
  • Aparteko nekea, toxikotasuna, arriskua duten zereginetan eta gaueko plusen kentzea

Sindikatu eta patronala azkenengoz martxoaren 6an bildu ziren. Baina hamalau eguneko etenaldiaren ondoren ADEGIk datorren astelehenerako, martxoaren 24rako bilera deitu du. Honen aurrean sindikatuek adierazi dute: "Patronalaren aldetik aldaketa nabarmenik ez da izango, eta gaurko grebarekin mobibilizazioak amaituko direlako ustea badute eta langileak hurrengo mobilizazioetara indarrik gabe iritsiko direlakoan badira oker dira".

Sindikatuek hainbat mobilizazio deituta dituzte. Azpeitiko langileei martxoaren 31rako Urola-Kostarako deitutako 24 orduko grebak eta apirilaren 10ean eta 11an herrialde osorako deitu den beste 24 orduko grebak eragiten die.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide