Herritar guztiok eskubide guztiak, Euskal Herri osoan

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU 2003ko api. 7a, 15:04

Alderdi politiko bat legez kanpo jarri du Auzitegi Gorenak. Ezbairik gabe, erabaki judizial hutsa baino zerbait gehiago bada epaileen ebazpen hori: erabaki politikoa da. Izan ere, euskal gatazkarako itun antiterroristak ezarri duen politika berretsi egiten du, itun horren irizpideak eta aginduak elkarrekin ados jarrita egikaritzen baitituzte Estatuaren erakundeek eta enparauek.

Batasuna legez kanpo jarri aurretik erakunde horren jarduerak bertan behera uzteko agindu zuen Garzon epaileak. Bada nahikoa motibo okerragorik ere gerta daitekeela uste izateko: legez kanpo edo debekupean jar ditzakete Batasunak politikoki ordezkatu duen gizarte-sektorearentzat —euren susmoen arabera— erreferentzia izan daitezkeen adierazpen politiko edo elektoral guztiak. Hor iragarri dute, bederen, espainiar boterearen bozeramaileek argi asko, zeinek egungo giro autoritario, militarista eta eskubide-murriztaile honetan agintekeria hutsaren estrategiarentzako giro egokia topatu baitute.

Batasuna jokoz kanpo uztea ez da, beraz, legez kanpo uzteko estrategiaren amaiera. Sakoneko asmoak urrutiago du helmuga: euskal gizartean sustrai sakonak dituen korronte bat, denbora luzean zehar moldatu eta herritar asko eta askoren onespena duten aldarrikapenak, irizpide ideologikoak, proiektuak, elkartasunak, nortasunak... biltzen dituen korrontea, adierazpide elektoralik gabe uztea.

Idazki hau izenpetzen dugun erakundeok biziki gaitzesten dugu bortxa onartezin hori, parte-hartze politikorako eskubidearen eta berme juridikoen aurkako eskandaluzko eraso hori. Gatazkari begiratzeko ez baikaude denok itun antiterroristaren betaurrekoak erabiltzera behartuta. Askatasun politikoek babestu egiten dute —hain justu— herritarrek eta hauen erakundeek indarreko ordenamendu politikoarekin bat ez datozen helburuak izatea. Gaur egun, alabaina, talde armatuko kide edo laguntzaile izatea egotz diezaiekete proiektu edo ideia jakin batzuk bultzatzen dituztenei, presoen eskubideen alde dihardunetenei, torturak edo tratu txarrak salatzen dituztenei edo —besterik gabe— euskararen alde lanean dabiltzanei. Errugabetasun-ustearen ordez erruduntasun-ustea ari zaigu nagusitzen.

Agiri hau izenpetzen dugun sindikatuok uste dugu beste zenbait lekutan gatazkak demokratikoki konpontzearren egindako bideetan oinarria duten politikak zor zaizkiola Euskal Herriari, printzipio eta eskubide demokratiko guztiak —norbanakoenak zein kolektiboak— aintzat hartzen dituzten politikak.

Agiria sinatzen dugun erakundeok egoera blokeatuta egonagatik ez dugu amore emango, ez diogu konponbideak bilatzeari utziko. Gure ustez, arazoak konpontzeko modua ez da gizartearen atal batzuk adierazpide politikorik gabe uztea, ez eta herritar edo taldeen aurka jotzea ere, hauen parte hartze politikoa mugatu edo galarazte aldera. Aitzitik, uste dugu herritar guztiei —salbuespenik gabe— bermatu behar zaizkiela ordezkaritza eta parte hartze politikorako eskubideak: batetik, herritar guztien eskubideak aintzat hartu beharra dagoelako;bestetik, demokraziaren arauek hala agintzen dutelako, giro politiko eta elektoral normalizatuek hala eskatzen dutelako.

Bidegurutze honetan, agiria izenpetzen dugun sindikatuok honako deialdia egiten diegu langileei: lehenbizi, egoeraren larritasunaz jabe daitezen; bigarrenik, eskubide eta askatasun demokratikoen murrizketa honi aurre egitera, aniztasun politikoaren eta parte hartze politikorako eskubidearen alde jardutera. Oinarrizko eskubideek, izan ere, ezin dute egoera politikoaren arabera egon.

Bada garaia euskal herritar guztien eskubide guztiak bermatzeko Euskal Herri osoan. Agiria izenpetzen dugun sindikatuon iritziz, asmo ona eta aldarrikapen hutsa baino gehiago ere bada hori: gure irizpideen eta estrategien ardatza ere bada.

Euskal Herrian, 2003ko apirilaren 5ean

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide