Apirileko Uztarrian Silvia Etxanizen argazkia ez da zuzena

Uztarria.eus 2003ko api. 9a, 01:04

Okerrak zuzentzen

Apirileko Uztarria aldizkarian, Erniarraitz bertso paper lehiketako irabazleak eta hauen bertsoak argitaratu genituen. Atal horretan azaltzen den Silvia Etxanizen argazkia ez da zuzena. Argazkikoa Ainitze Urbieta da, bigarren saria lortu zuen zestoako neska.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso paper lehiaketa irabazi zuen Silviak. A mailan 18 urte artekoan lehen saria eskuratu zuen, eta aldizkarian bere bertsoa eta argazkia argitaratu genituen, beste irabazlearenarekin batera. Baina argazkikoa Ainitze Urbieta da. Silvia Etxaniz alboko argazkian duzue.

A MAILA: 18 URTERA ARTE 1. SARIA

-DOINUA: Munduan libre bizi izatea
-NEURRIA: Berezia

Hogeitabatgarren mendean gaude
eta ezin eman buelta
leku askotan emakumeak
loturikan daude eta
halare dute gizon aurrean
zutik azaltzeko beta
begiak malkoz beteta
burkaz estali kopeta
beraiek ere pertsonak dira
merezi dute arreta
gizonen maila berera heltzea
da emakume hoien meta.

Hainbat eta hainbat jipoitu daude
mundu osoaren jiran
emakumeak jotzen dituzte
trapu zaharrak bailiran
beldurturikan, lotsaturikan
ezkutaturik maindiran
guztia da ikusmiran
gure planetaren biran
esaten dute, baina eztakit
gauzak aurreratzen diran
leno eztakit, oain hola dira
ta lenore hola ziran.

Gizonaren lan berdina egin
eta kobratu gutxigo
hori zergatik gertatutzen den
nik galdetzen det aldiro
honek ezin du hola jarraitu
behar degu mailaz igo
azkar edota astiro
gogor, gogoz nahiz eztiro
gauza hau berriz eskatutzerik
nik ez nuke nahi berriro
ta ez badira gauzak aldatzen
hemen ezta izango giro.

Postu askotan emakumeak
ezin dute egin lana
batzuen ustez andrea baita
soilik bigarrengo ama
ez pentsa arren jasan dezake
lan gogorrenaren zama
bizi osoan darama
zorua jotzear zama
gizonezkoa kaballeroa
ta emakumea dama
geroarekin bakarrik pentsa
eta ahaztu iragana.

Aurrera bultzaz lortua dugu
orain daukagun lekua
baina oraindik ez diogunez
berai gustua hartua
aurrera joaz, gogor saiatuz
igo dezagun postua
eta hau utzi ahaztua
zati txikitan moztua
nere ametsa da ikustea
gure helburua lortua
hau da, moztuta: emakume bat
libre eta askatua.

Gaurkoz nahikoa uste dut dela
beraz, banoa uztera
kontua hartu esan dudana
da errealitate bera
baina gauza bat jakin nahi nuke
hor doa nire galdera:
bizitza aldatuko ote da?
ta erantzun airera
hori inortxok ere ez daki
baina badago aukera
hau entzun denek ta kasu egin:
guztiok berdinak gera!!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide