Julian Eizmendi, alkategaiak, aurreko zinegotzi taldeak Jose Mari Bastida alkatearen zuzendaritzapean Azpeitia "puntako herria" izateko egindako lana goraipatu du. Eta jarraian datorren legegintzaldian EAJ-EA koalizioaren helburu nagusia "azpeitiar ororen bizi kalitatea hobetzea" dela jakinarazi du, "maila altuari eutsiz" eta "aurrera joz".
Helburu hori lortzeko berak zuzenduko duen taldeak jorratuko duen bidea ere azaldu du aurkezpenean.
- Garapen ekonomia. EAJ-EA koalizioak ingurumenari uztartutako garapen ekonomikoa bultzatuko duela azaldu du. Eta gaineratu du, "garapenerako lan aukerak izan behar direla. Gerorako erabakiak atzo hartu behar dira eta gune industrialen garapena orain landuko dugu".
Herriko aterabideak hobetzea garapen ekonomikoari lotuta dagoela ere azaldu du, eta beraz, saihesbidea bultzatuko dela azaldu du: "ahalik eta azkarren" egin dadin.
- Etxebizitza. Benetako bizi kalitatea lortzeko "egikaritza publikoa" egingo dela azaldu du. Eta "berdintasun eta elkartasun irizpideetan" oinarrituz etxebizitza gaiari heldu eta etxebizitza babestuak egiten saiatuko direla esan du. Gai honetan "askok duten arazoari aurre egiteko gaude" gaineratu du.
- Emakumea. Orainarte bezala, emakumearen aldeko politika positiboa egiten jarraituko dela aurreratu du. "Azpeitiko langabetuen gehiengoa emakumezkoa da, eta emakumearen jarduera ekonomiaren tasa gehitzen saiatuko gara".
- Hirugarren adina. Hirugarren eta laugarren adinak dituen beharrez "ezin ahaztu" daitekela jakinerazi du, eta orainarteko "ildo berdinetik" erantzunak ematen jarraituko dela gaineratu du.
- Kultura, gazteria, euskara, kirola eta beste arloetan ere, lortu nahi den bizi kalitatea erdiesteko, lan egin beharra dagoela azaldu du. Arlo hauetan "talante ireki eta dialoganteaz" lan egingo dela azaldu du. "Bestearekiko errespetuan oinarrituko da gure egikaritza. Euskal Herriko bakegintzan urratsik emateko hauxe da egin beharrekoa, eta normalizazio politikoa ere balore horietan oinarritutako politikagintzatik etorriko da", gaineratu du Julian Eizmendik.
Argazkian: aurkezpen ekitaldiko argazkia eta Julian Eizmendi EAJ-EA koalizioko Azpeitirako alkategaia eta Manuel Unanue, zerrendako bigarrena.