Gure nazio-izaera berresten du urtero Aberri Egunak, baita geroa nazio gisara eratzeko dugun asmoa ere. Oraindik ere aldarrikapen-eguna dugu Aberri Eguna, egungo esparru politikoak estatu frantsesak eta espainiarrak eratuak ukatu egiten baitio Euskal Herriari bere geroaz erabakitzeko eskubidea duen subjektu politiko denik.
Aurtengo Aberri Eguna dela-eta, hausnarketa sakon eta lasaia behar dela deritzogu ELAk eta LABek, gure herriaren egungo bidegurutzea etorkizun-aukera bihur dezagun.
Maila eta esparru anitzetan erasoa ari dira jotzen estatu espainiarra eta frantsesa, honako helburu honekin: Euskal Herriari printzipio eta eskubide demokratikoak (norbanakoenak zein kolektiboak) oinarri dituen egoera politiko berri batera heltzen ez uztea.
ELAk eta LABek berriro diogu egungo esparru juridiko eta administratiboak erabat agortuta daudela. Gure iritziz, etengabeko gatazka eragiten du esparru honek, etengabekoa baita erakundeei, eragile sozial zein politikoei eta herritarrei eragiten dien inposizioa. Izan ere, lurraldearen zatiketa eta bi estatuen egitura politiko-juridikoen menpe dagoen aldetik badaezpadako deszentralizazio administratiboko eredua ditu oinarri egungo esparruak.
Egunero ikusten ditugu langileok egoera horren ondorioak gure bizimoduan eta lan-kondizioetan: Madrilek eta Parisek noiznahi ezartzen dizkigute gure esparru instituzional eta sindikaletik at dauden arauak, dekretuak, hitzarmenak... alor soziolaboral eta ekonomikoan. Agindu horien aurkako mobilizazio orokorrak egin izan diren arren (ekainaren 19koa, adibidez), aplikatu egiten dira azken batean, ez baitaukagu babes sozialeko eta lan-harremanetarako bertako esparrurik.
Ezinbestekoa deritzogu ELAk eta LABek gai laboraletan, sozialetan eta ekonomikoetan erabakimena izatea Euskal Herriak, euskal erakundeek eta euskal eragile politiko eta sozialek. Gure ustez, ez dago nazio-eraikuntzarik egiterik justiziarik eta elkartasunik gabe: eduki sozialez betetako nazio-proiektuak bakarrik beregana ditzake bera aurrera eramateko hain beharrezkoak diren atxikimendu eta konpromisoak.
Ziur gara ELA eta LAB badagoela euskal gizartean badagoela euskal gatazka demokratikoki gainditzeko eta Euskal Herri osorako burujabetza-prozesuari ekiteko masa kritikoa. Ziur gara, halaber, gizarteko esparru horrek honakoa eskatzen duela: eztabaida- eta konbergentzia-eremuak zabaltzea, proposamenak, jarduera-metodoak eta ekimenak hitzartu ahal izateko.
Irizpide horri jarraiki, ELA eta LAB prest gaude negoziazio kolektiboari eta Lan Harremanen Euskal Esparrua erdiesteko elementu nagusiei buruz lortutako batasuna zabaltzen saiatzeko. Hain zuzen, euskal gehiengo sindikalak plazaratu berri duen adierazpenarekin, non Herritar guztiek eskubide guztiak, Euskal Herri osoan aldarrikatzen den, sakondu nahi dugun ildo bat irekitzen da.
Honenbestez, 2003ko Aberri Eguna laster dugun honetan, berretsi egiten ditugu ELAk eta LABek 1995eko Aberri Egunaren atarian bi erakundeok argitaratu genituen baieztapen eta aldarrikapenak:
- Euskal Herriaren nazio izaera, egungo muga eta zatiketa politikoez gaindi, eta herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea berresten dugu. Ezinbestekoa deritzogu, hortaz, autodeterminazio-eskubidea onartzeari.
- Gure herriaren eskubide demokratikoen defentsan euskal erakunde eta alderdi politikoengandik jarrera irmo eta sendoa eskatzen dugu.
- Premiazkoa deritzogu Euskal Herriak egun nozitzen duen gatazka gainditzeko beharrari; horretarako, elkarrizketa eta negoziazio politiko bideei ekitea eskatzen dugu.
- Helburu amankomunak lortzeko lankidetza oinarriak jar ditzaten deitzen diegu erakunde politiko eta sozial abertzaleei. Guk ere gure lan sindikalean norantza hortan lan egingo dugula hitzematen dugu.
- Herri honetako hiritar askoren arazo ekonomiko eta sozialei gobernu politikatan dagokien arreta eskaintzea eskatzen dugu. Lehenbailehen garatu behar da lan harremanetarako euskal esparrua eta espazio sozioekonomiko propioa.
- Langileak eta herri guztia nazio-eraikuntzara, Euskal Herri burujabe, bidezko eta solidario bat eraikitzeko lanera bil daitezen animatzen ditugu.
GORA EUSKAL HERRI ASKATUA!