Lagun Onakeko mendizaleak Sierra Nevadan izan ziren Aste Santuan

Lagun Onak, M.B. 2003ko api. 29a, 21:04

Hiru hiru milako egin zituzten

Aurten ere azkenengo urteetan bezala Aste Santuetako jaiak aprobetxatu dituzte Lagun Onak Mendi Bazkunakoek mendi berriak ezagutzeko. Apirilaren 16tik 21a bitartean Sierra Nevada inguruan ibili dira, 36 lagun izan dira bertan eta Mulhacén (3.479 metro), Loma Pelada (3.185 metro) eta La Veleta (3.396 metro) gailurrak igotzea lortu dituzte.

Pirineotara irteera ugari egiten badituzte ere Lagun Onak MBkoek baina aurten Andaluziako mendietara joatea erabaki dute, "urrunago geratzen zaizkigun mendietara joateko ez dugu aukera gehiegirik izaten bidaiak berak ere denbora eta nekea baidakartza berarekin, baina aurtengo egutegia egiterakoan ilusio handiz prestatu genuen Sierra Nevadara egingo genuen irteera hau", diote Lagun Onakekoek. "Sierra Nevada ingurua ezezaguna zen ibilaldira gindoazen gehienontzat, eta horrek sortzen zigun zirrara berezia".

Sierra Nevadako mendikatean penintsulako kotarik garaienak daude, eta hiru mila metroak gainditzen dituzten mendi ugari daude bertan, baita Mulhacén bera ere. Hau penintsulako mendirik garaiena da, 3.479 metro ditu.

Sierra Nevada 1989an Parque Natural izendatua izan zen, 169.239 Ha ditu eta Almería eta Granada artean banatzen da. Izendapen honek inguruaren babesa eta zaintza ekarri zuen turismo eta aisialdirako leku moduan.

"Eguraldia nahi genuen bezala portatu ez bazitzaigun ere, ezin gara kexatu eta genituen asmo gehienak bete genituen. Horrela Mulhacén (3.479 m), Loma Pelada (3.185 m) eta La Veleta (3.396 m) gailurrak igotzea lortu genuen", diote mendizaleek. "Oporrak bukatu ondoren berriro datorren urterako ilusioak pistu zaizkigu, beti ere mendi eta inguru berriak ezagutuz baina, etxekoak ere ahaztu gabe Kakuteko, Txalintxoko eta Xoxoteko egunak laster baititugu eta egun horietarako gonbidapena luzatzen zaizue elkartearen izenean".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide