Maiatzaren 1a. Landu zure sexualitatea

EHGAM eta Gaytasunako kide azpeitiarrak 2003ko api. 30a, 11:04

Azken egunotan, langileria edo sindikalismoak duen eginbeharraz iritzi asko entzun ditugu, horietako batzuk kontrajarriak gainera.

Ikusi dugunez, euskal sindikatu gehienek heldu egin diete zuzenean edo zeharka euskal herritarrei eragiten dien hainbat aldarrikapen sozio-politikoari, hala nola, askatasuna murriztea, egunkariak ixtea, tortura, gerra...

Sindikalismo politiko-sozial horri berorri, aldarrikapen sozialekiko konpromisoa duen neurrian, gure aldarrikapenak, hots, lesbianei, transexualei, gayei... lantokietan eragiten dietenak, aintzat hartzea eskatu nahi diogu, negoziazio kolektiboa zein zuzenbide eta lan atolamenduaren bidez, langileen estatutua aldatuz, eta abar.

Lantokia, edozein dela ere, lasai sentitu, egon eta hitz egiteko lekua izan dadin behar dugu, gure aukera edo nahi afektibo-sexuala dela-eta arazorik izan gabe. Jarrera lesbofoborik, homofobiarik, transfobiarik ez dagoen lan ingurua behar dugu.

Sindikalista guztiei, duten kolorea dutela, haien esparruari dagokion erronka luzatzen diegu, aldarrikapen horiekin konpromiso ausarta eta eraginkorra izan dezaten, gutxietsi ordez kontuan hartu eta jorratuak izan daitezen.

Guri, lesbianak, gayak eta transexualak garenoi, dagokigu aldarrikapen eta kezka horien bidezkotasuna behin eta berriro azpimarratzea. Aurreko maiatzaren lehenetan bezalaxe, esan beharra dugu ezer gutxi jasoko dugula sexu joera nagusia dutenengandik, guk geuk hitz egin, aldarrikapenak salatu, geurea duguna adierazten ez badugu.

Sexu joera nagusia dutenei zera eskatzen diegu: gure sexu-aukera eta bizimodua arinkeriaz ez hartzeko, eta lantokietan transexualok, lesbianok, gayok... ere baditugun zailtasunen kolaboratzaile ez izateko.

Azkenik, Egunkariako langile guztiak, egunkaria bidegabekeriaz itxi zutenetik langabezian, gogoratu nahi ditugu; hedabide hori beti izan da lehenetakoa gay eta lesbianen eskubideen defentsan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide