Lander Etxeberria, Mirian Campos, Leire Idoiaga, Eider Casanova, Karmele Urbistondo, Larraitz Sanzberro, Oskar Goñi eta Txema Jurado ezker abertzaleko kideek atxilotuta segitzen dute. Atzo harrapatu zituzten, Udalbiltzaren kontrako operazioa dela eta. Haietako batzuk gaur pasatu dira Baltasar Garzon epailearen aurretik, eta fiskala kartzela zigorra eskatzen ari da. Udalbiltzako kideek Espainiako Estatuaren "beste eraso bat" bezala jo dute operazioa, eta hori salatzeko, gaur Azpeitiko Udaletxearen aurrean kontzentrazioa egin da, beste udaletxeetan egin den moduan. Ehun lagun inguru bildu dira Azpeitian.
Ekitaldiaren ondoren, Miren Odriozola Azpeitiko Sozialista Abertzaleetako zinegotziak eta Udalbiltzako kideak hartu du hitza, eta Espainia "Euskal Herriaren kontra" ari dela esan du, "berriro frogatu den bezala". Udalbiltza "biluzik" utzi dutela esan du, "boligrafo bat ere ez digute utzi, baina Udalbiltzak funtzionatzen segituko du".
Maiatzaren 7an premiazko batzarra egingo dute hautetsiek Tolosan, eta hilaren 10erako, berriz, manifestazio nazionala antolatu dute Bilbon. Arratsaldez egingo da manifestazio hori, eta Azpeitiko SAko zinegotziek azpeitiarrei hara joateko dei egin diete gaur.
Udalbiltzako kideek esan dutenez, gaur 50 gizarte eragilerekin bildu dira Astigarragan. "ELA ez da izan, baina aurretik egin dugu harekin bilera. EAJ eta EA ez dira izan eta bilerarik ere ez dugu egin; haien Udalbiltzarekin hurrengo asteartean bilduko gara".
Azpeitiko kontzentrazio horrekin batera, Valdemoroko (Espainia) kartzelan preso politikoak jasaten ari diren egoera "gogorra" salatu da elkarretaratzea deituta zegoen gaurko ordu bererako-. Valdemoron da Gotzon Aranburu preso azpeitiarra.