Ilegalizaziorik ez

ELA - Azpeitia 2003ko mai. 7a, 17:05

Eskubide guztiak, herritar guztientzat, Euskal Herri osoan. Maiatzaren 8an AuBren ilegalizazioaren aurkako bilkurak egingo dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan

Maiatzaren Leheneko egunez milaka langilek demokrazia eta justiziaren aldeko aldarria egin dute Bilboko kaleetan. Ez da apetazko deiadarra izan, gertakari larriak izan baitira azken aldion: Estatuko indarrek Egunkaria itxi, Batasuna eta Udalbiltza legez kanpo jarri eta euren estatu-eredua zalantzan jar dezakeen ekimen oro edozein bitarteko erabiliaz galarazteko mehatxua egin dute, ekimen horiek erakundeen eta gizartearen babes handia izanagatik ere.

Demokrazia eta justizia aldarrikatzea zoritxarrez gaur-gaurko beharrizan mingarria dugu. Alde batera, Euskal Herriaren eskubide nazionalak erabat ukatzen dizkigute eta eskubide horiek aldezten eta bultzatzen dituztenen eskari zein proiektuak bide demokratikotik egiteko aukera guztiak ixten dituzte. Bestera, berriz, sektoreon aurkako estrategiaren oinarriak menperatzea eta indar hutsa dira, eta beroien eskubide, askatasun eta bermeei hirugarren mailako balioa ematen zaie.

Estatuak kriminalizatze estrategia honen esparruak beharrizan eta egoera politikoen arabera hedatzen ditu; jokabide honen azken adibideak AuBren ilegalizazioa eta maiatzaren 25eko udal- eta foru-hauteskundeetarako berrehundik gora hautagai-zerrenda galarazi izana ditugu. Honela gizarteko eta politikako multzo bati ordezkaritza eta parte-hartze politiko eskubidea kentzen zaio, eta herritarren zinezko ordezkaritza guztiz era larrian itxuraldatzen da.

Azken garaiotan tankera honetako zenbait gertakari aztertu eta horiei buruzko iritzia eman dugu. Hor dira martxoaren 13an Egunkariaren aldeko mobilizazio eguna; parte-hartze politikoaren alde apirilaren 5ean egin genuen adierazpena eta Anoetako ekitaldia; Aberri Eguneko adierazpena, edota Maiatzaren Leheneko mezua eta agerraldia.

Hausnarketa eta lan hau egin ahala gero eta argiago, gero eta sektore gehiago, gero eta premia handiagoz konturatu gara unean-uneko erantzunak, eragin dituztenek aurreikusita eta hein batean amortizatuta daudelarik, ez direla aski. Erantzunak ikuspegi zabalekoa, ekimena adierazten duena eta etorkizunera begirakoa izan behar du.

Beraz, egungo egoera gainditzea premiazkoa da; beste erakunde batzurekin salaketa egin eta helburu orokorrak zehazteko gauza gara, baina hortik aurrera egiteko gutxieneko puntuetan ez gatoz bat. Egoera antzua da hau, eta honek gure herrian, gure oinarriengan berebiziko etsipena eragiten du, lehenagotik ere ukapen eta samin gehiegi metatuta dagoelarik.

Besteen erabakiak ez daude gure esku. Beraz, ezin espero antzinatik datorren estatuaren zapalkuntza, gero eta gordinagoa, arinduko denik. Etorkizuna ez da argi ikusten, eta ziurrenik albiste txarrak izango dira. Halere, gureak onak izan daitezen ahalegina egingo dugu. Gizarteak izan behar du edozein egitasmoren abiapuntu eta oinarri.

Gizartea da gure indargunea, baldin eta helburuak eta lan moldeak gizartearen eta herritarren asmoen araberakoak badira. Helburu eta lan molde horiek aliantza berriak egiteko aukera eman behar dute. Hori gure esku dago. Aliantzak ahalik zabalenak izan daitezen burujabetzarako bidean garatuko ditugun borroka motak aztertu eta horiekiko jarrera argia hartu beharra dago. Gure borrokari legitimazio demokratikoa ematea lehentasuna dugu. Horren baitan dago gure egitasmoa sinesgarria izatea, euskal gatazkarako irtenbide demokratikoaren aldeko borrokara gero eta herritar gehiago erakartzeko aukera.

Hartara, prozesu soberanistak bide zibil, demokratiko eta bakezkoen aldeko aukera egin behar du. Bortizkeria ez da gatazka politikoaren nahitaezko produktua, bertan behera utzi behar diren erabakien ondorio baizik. Saminak ezin du arrazoibide politikoan tokirik izan, ezin da borrokarako bitartekotzat hartu. ETAren jardun bortitza sobera dago, gizabide hutsagatik. Eta eragozpena zaigu, jendea erakarri nahi baitugu, herritar guztientzat eta herri osoarentzat aurrerabide eta askatasunezko etorkizuna lortzeko itxaropena hedatzea alegia.

Arestian esan dugun guztia egitea are premia handiagoa da une honetantxe. Demokrazia une txarrean dago. Epaitegi Gorenak plataformak galarazteko hartu duen erabakia guztiz antidemokratikoa da. Milaka hautesleri ordezkaritza politikoa izateko eskubidea ebatsi diote.

Hauteskundeen emaitzak direnak direla ere, herri honek aro politiko berri bati ekin behar dio, herritar guztien eta herritarrek erabakitzen dituzten adierazpide politiko guztien parte-hartzearekin. Horretarako egoera argitzea beharrezkoa da. Hain zuzen, salatzekoa da gure inguruan herritar eta talde askok erakundeen aldetik babesik jaso ez izana, euren delitu bakarra euskal gizartean hedatuta dauden ideia eta proiektuak defenditzea den arren. Premiazkoa da, beraz, zinez burujabetzarako bidearen alde dauden erakunde sozial, sindikal eta politikoen konpromisoari bide emango dion apustu estrategiko bat egitea, aldebateko eta aldeanitzeko erabakiekin hasita. Herritarrei dei egiten diegu parte-hartze politiko eskubidearen alde egin dezaten, eskubide horrek bideratzen baitu herritarren konpromisoa dagokien gai guztietan. Beraz, honako ordu eta tokietan izango diren bilkuretan parte hartzera gonbidatzen ditugu langile guztiak:

  • Gasteizen, 19.30etan Correoseko plazan
  • Donostian, 19etan Boulevardean
  • Bilbon, 19.15etan Moyua plazan (plaza Eliptikoa)
  • Iruñean, 19etan Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza aurrean (Carlos III etorbidea eta Merindades plaza artean)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide