Habeak babestutako 150-200 etxebizitza egitea proposatu du

uztarria 2003ko mai. 15a, 22:05

Babestutako 150-200 etxebizitza egitea, Izarraizpen kirol eta aisia gunea osatzea, Arcelor lekuz aldatzea, Alde Zaharra eraberritzea eta Sanjuandegin kale peatonalizatua jartzea proposatu du Habeak, hirigintza alorrean. Urrestila eta Nuarberako proposamenak ere egin dituzte.

Habeak hirigintza proiektua egin du, "herritarren parte hartzeari esker". Babestutako etxeak, aisia gunea, eta peatonalizatutako guneak dira proposamenaren zutarria. Auzoen inguruan ere egin dute proposamenik.

Garmendipen babestutako 150-200 etxebizitza egitea proposatu du Habeak, "Gaur egungo udalaren asmoak herriko gazteen eta etxe beharrean direnen premiak ase gabe utziko" dituelako "berriro". Herriak duen "babeseko etxebizitzen premiari azkar eman behar zaio erantzuna" Habearen esanetan, horregatik egin dute babestutako etxebizitzen proposamena. Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan egin nahi dituzte etxebizitzok. Jaurlaritzak lur saila edukitzea jartzen du baldintza bezala. Horregatik, Garmendipe futbol zelaia tokiz aldatzea proposatzen dute, Kiroldegiaren eta trenbidearen arteko lurrak etxebizitzak egiteko baliatuaz, lur horiek Udalarenak baitira.

Futbol zelaia Izarraizpen egitea proposatzen dute, kirol eta aisia gunea sortuz. Bertan, Ikasberri Ikastola eta Esklaben artean atletismoko pista duen belarrezko futbol zelai nagusi bat ere egin nahi dute. Gune hori "herri osoarentzat berdegunea eta kirol ekipamenduen muin zentralizatua" izan behar duela uste du Habeak. Igerilekuarekin eta Diego Garcia footing zirkuituarekin lotuko zen gune hori.

Hala ere, gure horrek bere funtzioak ondo bete ditzan "trafikoa gutxitu beharra" dagoela uste dute Habeakoek, eta "Garmendigaineko errotondak lehentasun larria du" beraien esanetan. Sanjuandegi atzeko bidea egokitzea proposatzen dute, eta Ingurugiro Etxetik Loiolako bide gurutzera bide berria egitea "aztertzeko modukoa" dela diote.

Peatonalizatutako leku gehiago eta 'Arcelor'-entzat beste lur batzuk

Alde zaharra eraberritzeko proposamena ere egin dute, "herriko bizitzaren pisu handiena jasaten duenez, etxebizitzen eraberritzea" proposatzen dute "kultur ekipamendu egokiz" hornituaz. Lur zoru eta inguruak egokitu nahi dituzte, "peatonalizazioa emateko", eta Santiago kalea "aisialdirako gune bilakatu".

Sanjuandegin ere peatonalizatutako gune bat jartzea proposatu dute, Izaro eta Iratxo artean. Horretarako "lur sail inguruak" egokitu nahi dituzte. Gainera, Txoko inguruan dagoen espazioa aparkalekutzat egokitzeko proposamena ere egin dute.

Arcelor enpresarekin (Martzial) konbenioa hitzartu nahi dute "labe berriarentzako lurrak aurkitzeko. Toki horretan azoka plaza berria, etxebizitzak eta lurpeko aparkalekuak egitea proposatzen dute.

Esanikoaz gain, "garraio zerbitzu erregularra" eta "etxebizitzak zaharberritzea" ere proposatu dituzte.

"Sendagile zerbitzua" Urrestilan eta "herritarren bilgunea" Nuarben

Urrestilak "sendagile zentrua izan behar du" Habearen ustetan, eta bertako frontoia urrestildarrek kudeatu behar dute, azpeitiarrek beharrean. Horretaz gain, erabilera anitzeko zentru bat sortzea ere proposatzen dute "bertakoen bilgunea" izateko.

Nuarben berriz, udalak sarreran erosita duen etxea "egokitu beharra dago" Habearen ustetan, eta "herritarrekin erabaki zein den lokal horren erabilpenik egokiena. Gainera, "aspaldiko eskaera" ere bete nahi dute: haurrentzako parkea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide