Zezen plazak aurten ehun urte betetzen dituela eta ospakizun ekitaldiak izango dira, gaur, ostirala, eta igandean (ekainak 8).
Zezen plazaren mendeurreneko ospakizunak gaur hasiko dira Sindikatu Zaharrean, 19:30ean, *De Manolete a José Tomás* pelikularen emanaldiarekin. Pelikularen inguruko azalpenak ematen Jesus Ferro eta Ignacio Astigarraga izango dira bertan. Ekitaldia antolatzen, Azpeitiko Udala, Zezenzale Elkartea eta Kinttela Elkartea aritu dira.
Igandean, berriz, Azpeitiko zezen plaza 1903-2003 zezenketen eta herri kirolen historiaren ehun urte liburua aurkeztuko da Udaletxeko areto nagusian, 12:00etan. Bost lagunek egindako lana jasoko du liburuak, alegia, zezenketen historia Imanol Elias eta Luis Mari Loinazek kontatu dute libururako eta herri kirolena, aldiz, Jose Mari Iriondo, Jose Luis Iriarte eta Markel Mendizabalek.
Baina igandeko ekitaldiak ez dira liburuaren aurkezpenarekin amaituko, Azpeitiko zezen plazaren atarian, 13:30ean, mendeurrena ospatzeko eskulturaren inaugurazio ekitaldia egingo baita. Antonio Oteiza eskulturgileak egin du irudia eta Zezenzale Elkarteak Azpeitiko herriari egindako oparia izango da.