Soreasu ixildu egin digute!

Maite Garmendia 2003ko eka. 9a, 23:06

Astean hirutan bere ateak ireki eta mila historio eder, ez hain eder, eta nahiko txar ere pantailaratzen zizkigun aretoa, ilunpetan dago.

Bere siloi gorrien eserlekuak , respaldoaren kontra daude zutik; eta itxura denez horrela jarraituko dute denboraldi batean. (Mihi gaiztoak betirako itxi dutela ere hasi dira esaka). Gutxi omen ginen bezeroak. Ez ginen asko, ez. Igande gaueko azken txandakoak behintzat, kuadrilatxoa: han-hemenka buru bat edo beste; haruntzaxeago, hiru edo lauko taldetxoa. Bezero finak. Baldintzak ez zirela egokienak jende-andanak erakartzeko?, bale; Donostiako zine-areto lustrosoak probatu eta gero "tertzermundista" zela?, en fin; Azkoitikoak irabazi egiten ziola puntu askorengatik?...(derradan bidebatez, "handikaldekoek" , zinea bakarrik ez, espektakulo ugari eta onak antolatu dizkigutela urtean zehar -segi horrela!-.Baina azpeitiarron zinea izan da beti Soreasu, -Zelaitxorekin ez dakigu zer gertatuko den-, eta hala jarrai dezan nahi dugu. Udaletxeak kanpainak egin ditu, herrian bertan kontsumitu behar dela -eta; herria bizirik egongo bada azpeitiarrak Azpeitiari lagundu behar diola aldarrikatuz. Ederra bidea! Urola trenean ere, jende gutxi ibiltzen omen ginela eta, pasa zuten hura ere historiara. Nora joan behar dugu? Nora bidali nahi gaituzte kontsumitzera? Zer espero behar dugu etorkizunean? Entzun behar duenak , entzun dezala! Soreasun, bagenituen arazo txiki batzuk zineko pertsonaiek esaten zutena ongi aditzeko. Soreasun ez zen oso ongi entzuten, ez, baina orain ez da ezertxo ere entzuten. Soreasu ixilik dago. Soreasu ixildu egin digute. Zinezale amorratu bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide