Tentsio une nabarmenak izan dira gaur udaletxean eta plazan datozen lau urterako legegintzaldirako udal agintarien kargu hartzean. Habeak goizeko hamaiketarako elkarretaratzea zuen deituta plazan. Ordurako, Ertzaintzaren furgonetak zeuden plazan eta udaletxeko atean udaltzainak. Elkarretaratzean 200 lagun inguru bildu dira eta ertzainek bideo kameraz filmatu dituzte elkartutakoak. 11:30ak inguruan PSE-EEko kide batzuk hurbildu dira udaletxe atarira eta tentsio guneak areagotu egin dira plazan bildutakoen artean. Udaltzainek hasiera batean zinegotzigaiei bakarrik utzi die sartzen udaletxera, eta hurrenez hurren Habeako lau ordezkariak, EAJko ordezkariak eta EAko ordezkariak sartzen joan dira udaletxera. Gainontzeko herritarrek ezin izan dute bertara sartu hasieran, eta horregatik istiluak eta kolpeak izan dira bildutakoen eta udaltzainen artean.
Beranduago udaltzainek herritar batzuei sartzen utzi die baina ez Habeakoekin zihoazenei eta orduan, udal aretora sartzea lortu duen lagun bat builaka hasi da, "kanpoan sartu nahian zeudenak ezin sartuta" zeudela adieraziz. Bien bitartean, EAJ-EAko hamabost zinegotzigaiak, PSE-EEko Manoli Uranga zinegotzigaia, Habeako lau ordezkariak, Olatz Eizagirre udaletxeko idazkaria eta gaur arte alkate izan den Jose Mari Bastida elkartuta zeuden udal aretoko mahaiaren inguruan -PPko zinegotzigaia den Francisco Piñeiro ez da agertu kargu hartzera-. Kargua hartzen hasi dira Habeako lau ordezkariak zinegotzien aulkietan eserita zirela, eurek adierazi bezala "herritarrek emandako botoei esker lau zinegotzi baitagozkio Habeari". Kargu hartzearen ondoren, Habeako Miren Odriozola ordezkariak idatzi bat ere irakurri du, euren egoeraren berri emanez, udaletxean lan egiteko duten "asmoa" aldarrikatuz eta "konponbiderako bidea herritarrei hitza ematea" dela azalduz. Idatzia irakurri ondoren Habeako ordezkariek aulkiak hartu eta udaletxeko areto nagusitik atera dira.
Ondoren alkatea aukeratzeko bozketa egin da zinegotzien artean, eta Julian Eizmendi EAJ-EAko alkatetzarako hautagaiak 15 boto jaso ditu bozketan eta boto bat hutsa atera da (litekeena boto huts hori PSE-EErena izatea). Beraz, datozen lau urteotan Eizmendi izango da Azpeitiko alkatea. Alkatetzaren lekukoa Jose Mari Bastidak Eizmendiri pasatu dio. Honek alkate kargua hartu eta hitz batzuk egin nahi izan ditu, baina udal aretoan bildutako herritarren arteko istiluak tarteko ezin izan du hitz egin. Ondoren alkatetzaren bulegora sartu EAJ-EA, PSE-EE koa dira. Eta aretoan zeuden herritarrak udaletxetik kanpora atera dira. Udal agintarien kargu hartzeko udalbatza 12:30ak ingururako amaituta zegoen.