'Berria'-ri harrera bikaina Azpeitian

uztarria 2003ko eka. 21a, 15:06

Euskarazko egunkari nazional berriaren ale guztiak agortu egin dira

Gaur sortu da Berria, euskarazko egunkari nazional berria, eta azpeitiarrek harrera bikaina egin diote, ale guztiak agortu egin direlako. Eta bihar? Eta hurrengo egunetan?

'Berria'-k 50.000 aleko tirada izan du gaur, bere sorrera egunean, eta Azpeitian behintzat ederki erantzun diote. Izan ere, Uztarria kiosko batzuetan-eta galdezka ibili da 'Berria'-ren salmentaz, eta aleak agortu egin dira. Orain hala segitzea komeni. Egunkaria itxi zenean, egunero 110 bat ale saltzen ziren. 'Egunero'-rekin 250 bat alera igo da kopurua. Gaur kopuru horretatik gora Berria saldu dira.

Herrian 59.000 euro lortu behar

'Berria'-k eta bertako langileek egundoko ahalegina egin dute Egunkaria itxi eta lau hilabetera euskarazko egunkari nazional berria berriro kalean jartzeko. Berria hor dago, baina horrek ez du esan nahi dena eginda dagoenik. Izan ere, akzio kanpainak aurrera segitzen du, eta 'Berria'-k dirua behar du lehenik iraun eta gero hobetu ahal izateko.

Gauzak horrela, denera 5 milioi euro bildu behar dira Euskal Herrian (830 milioi pezeta), eta horietatik 59.000 euro Azpeitian (ia 10 milioi pezeta). 50 eta 300 euroko akzioak daude, edozeinen eskura. Eta, hain zuzen, Azpeitian toki hauetan: Uztarrian, Sarean, Urbistondo Margoak-en eta Luban. Telefono zenbakia: 943 15 03 58.

Koadrilaka, familiaka, elkarteka, ikastetxeka, langileen artean eta abar eros daitezke akzioak, dendek ere bai, norberak... Eta Udalak ere bai. Animatu akzioak erostera! Lagundu Berria!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide