Mobilizazio astea deitu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Uztarria.eus 2003ko eka. 25a, 18:06

Atzo bariantean egindako elkarretaratzea hasi zen, eta larunbatean emango diote amaiera, Donostiako belodromoan

Atzo hasi zuen mobilizazio astea Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Elkarrateratzea egin zuten Landetako errotondan torturaren aurka. Sindikatuetako ordezkariak bertan ziren.

Egun bakoitzari goiburu bat jarrita, mobilizazio astea antolatu du herrian, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Egun bakoitzak aldarrikapen bat izango du. Atzo eman zioten hasera mobilizazioei Landetako errotondan. 30 bat lagun bildu ziren, gehienak inguruko lantegietakoak, eta elkarretaratzea egin zuten, torturaren desagerpena eskatuz.

Gaur asteazkena Alde Hemendik eguna izango da, eta besteak beste, telofono gorriaren berri herritarrei ematen saiatuko dira. Amnistiaren Aldeko mugimenduko ordezkarien esanetan, "poliziaren aldetik jazarpen ugari bizitzen ditu hainbat herritarrek, eta askotan, ez dugu jakiten egoera horietan zer egin, telefono gorria horretarakoxe da, laguntza behar bada laguntza eskatzeko, eta horretaz gain salaketak egiteko".

Ostegunean hausnarketa eguna izango da, eta batzarra egingo da Sindikatu Zaharrean 20:30ean.

Ostiralean, maindire ilada egingo da bariantean, hileroko azken ostiral guztietan egiten den bezala. Amnistia behar dugu goiburua izango du egun horrek.

Amaitzeko, 92. artikulua orain lemapean, kotxe karabana egingo dute larunbatean, eguerdiko 12:00etan bariantetik abiatuta. Asteburuero txandaka egiten ari den baraualdira aste honetako taldea sartuko da, gero. Larunbat arratsaldean, ekitaldi nazionala egongo da Donostiako belodromoan, Duintasun testigantzak lelopean. Herritik joan nahi duenarentzat autobusak egongo direla jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide