San Inaziotako zezenketen kartela aurkeztu da Donostian

Uztarria.eus 2003ko uzt. 10a, 19:07

Zezen-plazaren mendeurrena ospatuko da

Azpeitiko Udaleko ordezkari Julian Eizmendi alkatea eta Mikel Ibarzabal Festa batzorde burua, Zezenzaleen Elkartearen ordezkari Jose Manuel Odriozola Uiti eta Baltasar Urrestilla eta Azpeitiko Udal Bandaren zuzendaria den Jose Luis Frantzesenak 2003ko San Inazioetako zezenketetako kartela aurkeztu dute gaur Donostian, Maria Cristina Hotelean. Aurten, gainera, zezen-plazaren mendeurrena ospatuko da eta zezenketez gainera zenbait hitzaldi eta erakusketa izango dira.

Azpeitiko zezen-plazaren mendeurrena eta gertu diren San Inazio jaien zezenketetako egitaraua izan da gaur mintzagai Donostian, Maria Cristina Hotelean. Azpeitiko Udaleko, Zezenzale Elkarteko eta Musika Bandako ordezkariak izan dira mahaiaren atzean aurkezle. Aurrean kazetariak eta zenbait zezenzale. Zezenzale Elkarteko lehendakaria den Jose Manuel Odriozola Uitik hartu du lehen hitza. Uiti zezen-plazaren mendeurrenaren inguruan ospatzen ari diren eta egiteko dauden ekitaldien inguruan aritu da. "Zezen-plazaren ehun urteak ospatzeko ekitaldiei urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, eman genien hasiera, haurren danborradan atera zen karrozarekin eta urtea amaitu artean izango ditugu ekitaldiak. Zezenzale Elkartekoak, Azpeitiko Udala eta Kinttela Elkartekoan elkarlanean ekitaldien antolakuntzan gabiltza. Antolatu ditugun ekitaldiak ez dira zezenarekin bakarrik lotutakoak, herri-kirolekin lotutako hainbat ekitaldi ere egin baitira. Zezen-plazaren barruan bakarrik ez ditugu antolatu, handik kanpo ere atera nahi izan ditugu ospakizunak", esan du Uitik.

Ondoren, Jose Luis Frantzesena Azpeitiko Udaleko Musika Bandako zezendariak hartu du hitza. Honek, Paco Apaolaza —kazetaria— zenari eskainitako pasodoble bat konposatu baitu eta uztailaren 31n, Apaolazaren alarguna eta semeari eskainiko zaie konposizioa. "Pasodoblea konposatzerakoan une oro Apaolaza present izan dut, baita berak gustoko zuen musika ere. Bukaeran Sarriegiren martxaren estrofa gehitu diot, Apaolaza donostiarra baitzen", azaldu zuen Frantzesenak.

Ekitaldiari amaiera emateko Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak hartu zuen hitza: "Arro egotekoa da zezen-plazaren mendeurrenean alkate tokatu izatea. Zezen-plaza inauguratu zen egunean Juan Joxe Ezeiza Mardure zegoen alkate eta ehun urte pasatu dira. Orain zezen-plaza berriro inauguratuko dugu brontzezko oroigarri bat jarriz. Ea beste hainbeste egiten dituen. Eskerrak zezen-plazan ekitaldiak antolatzen lan egiten duten guztiei, hau apaintzen aritu diren pertsona guztiei, Zezenzale Elkarteari eta honen inguruan biltzen diren guztiei".

Egitaraua:

-Mendeurrena ospatzeko egiteko dauden ekitaldiak:

  • Uztailak 24

Azpeitiko Zezen-plazaren mendeurreneko erakusketa irekiko da. Luis Garcia Campos margolari ezagunaren margoak, Azpeitiko Argazki Elkartea eta Pepe Gil argazkilariaren argazkiak egongo dira. Gainera, zezen-plazaren historiari lotutako herri kiroletako tresna eta osagaiak izango dira ikusgai.Jose Artetxe 21eko beheko solairuan. 19:00etan.

  • Uztailak 26

Azpeitiko kaleetan egun osoan zehar Amama Luisa Brass Band-ek joko du. 12:00etatik aurrera.

Herri bazkaria egingo da Juantxo jatetxean eta Raul Galindo toreatzailea omenduko da. Galindo izan baita zezen-plazaren ehun urteko historian Azpeitiko zezen-plazan alternatiba jaso duen torero bakarra. 14:00etan.

Abonatuek ordaindu behar ez duten zekorketa pikatua izango da. 18:00etan. Zezen-plazan.

  • Uztailak 28

Hitzaldia. Torero eta ganaduzaleen arteko adostasun eta desadostasunak gai bezala hartuta. Victor Mendes toretazaile ohia eta Azpeitiko laguna eta Pablo Romero ganaduzalea izango dira hizlari. Moderatzaile, berriz, Pedro Maria Azofra kazetaria. 19:30ean, Sindikatu Zaharrean.

  • Uztailak 29

Hitzaldia. Zer da toreatzailearentzat eta ganaduzaleentzat Azpeitiko zezen-plaza? gaiaren inguruan Jose Mari Recondo toreatzaile ohia eta gaur egun toreatzaileen apoderatua eta Jose Chafit San Martineko ganaduzalea arituko dira. Moderatzaile Chapu Apaolaza, kazetaria, arituko dira. 19:30ean, Sindikatu Zaharrean.

  • Uztailak 31

Zezen-plazaren mendeurrenaren plakaren inagurazio ekitaldia. 12:30ean. Zaldien patioan.

Paco Apaolazaren alargunari eta semeari Jose Luis Frantzesenak haren omenez eginiko pasodoblearen partitura eskainiko zaie. 13:00etan. Plazan. Jarraian, 2002ko Azpeitiko zezenketen garaikurren banaketa egingo da. Eta bukatzeko, Gipuzkoako Zezenzaleen Taldeak Azpeitiko Zezenzale Elkarteari mendeurrenaren plaka oroigarria emango dio.

Zezen-plazaren berrinaugurazio ekitaldia. Azpeitiko Musika Banda eta Julian Barrenetxea abesbatza elkarrekin arituko dira Txokoloren Zortzikoa jotzen. 18:00etan. Zezen-plazan.

  • Irailetik aurrera

Ekitaldi gehiago aurreikusita daude (hitzaldiak, erakustaldiak, poesia emanaldiak eta abar). Gaurko ekitaldian zehaztu ez direnak.

  • San Inazioetako zezenketak:
    • Uztailak 25

Desenkajonamendua. 18:00etan. Zezen-plazan.

  • Uztailak 26

Arratsaldean toreatuko diren zekor eta zezenen aukeraketa. 12:00etan. Zezen-plazan.

Zekorketa burtzikari eta guzti. Igor Etxaniz Kinttela burtzikari azpeitiarrak San Martin ganadutegiko zekor bat burtzikatuko du. Lau zekor La quinta ganadutegikoak eta toreatzaile Javier Solis eta Miguel Angel Perera arituko dira. 18:00etan. Zezen-plazan.

  • Uztailak 27

Torero bonbero ikuskizuna. 18:00etan. Zezen-plazan.

  • Uztailak 31

Arratsaldean aterako diren zezenen aukeraketa. 11:30ean. Zezen-plazan.

Zezenketa. Torrealta ganadutegiko zezenak eta toreatzaile Antonio Ferrera, David Fandilla El Fandi eta Salvador Vega.

  • Abuztuak 1

Arratsaldean aterako diren zezenen aukeraketa. 12:00etan. Zezen-plazan.

Zezenketa. San Martin ganadutegiko zezenak. Toreatzaileak: Mauel Jesus El Cid, Cesar Jimenez eta Matias Tejeda. 18:00etan. Zezen-plazan.

  • Abuztuak 2

Arratsaldean aterako diren zezenen aukeraketa. 12:00etan. Zezen-plazan.

Zezenketa. Guardiola Fantoni ganadutegiko zezenak. Toretazaileak: Luis Miguel Encabo, Antonio Barrera eta Serafin Marin. 18:00etan. Zezen-plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide