Habeak udalaren aldetik jasaten ari diren "bazterketa" salatu du

uztarria 2003ko uzt. 18a, 19:07

Udalak alde zaharra berritzeko aurkeztu duen proiektuak "estetika operazio" itxura duela salatu dute, eta gelditzeko eskatu

Habeak "azken hamar urtetako udal antidemokratikoaren aurreran" gaudela esan du. Legegintzaldi berriko lehen udalbatzarrera ez dituztela gonbidatu jakinarazi dute, eta udalak alde zaharrari begira aurkeztutako proiektua gelditzeko eskatu.

Ekainaren 14tik hona bi bilera izan dituzte Habea-koek EAJ eta EAko ordezkariekin, eta plataformaren iritziz "berdinean jarraitzeko asmoa" erakutsi dute bi alderdiek. Orain arte egin den udalbatzar bakarrera "ez gaituzte deitu", eta "Habeari dagokion lokala PP eta PSOEri eman nahi diote".

Beraz, "azken hamar urtetako udal antidemokratikoaren aurrean gaude" beraien esanetan, "lau azpeitiarretatik bat baztertzen duen udal baten aurrean". Europako herri bati "suposatzen zaion" sistema batetik baino "gertuago dirudi Hegoafrikan apartheid-a indarrean zegoen egoeratik", beraien esanetan. Baina Habeak "herri programaren bidez konpromezuak hartu" zituela, eta "herri eredu baten aldeko lanean" ez direla geratuko aldarrikatu nahi izan dute.

"Alde zaharreko plana azterketarik egin gabe aurkeztu da"

Udalak alde zaharrari begira aurkeztutako plana gelditzeko eskatu du Habeak, 650.000.000 pezetako aurrekontua duen proiektua "bi ataletara mugatzen" delako. Honako hauek dira bi atalok Habearen esanetan: azpiegituren berritzea eta Plaza Txikitik hasi eta Perez Arregi plazarainoko pabimentazioa.

Alde Zaharraren biziberritzea "lehentasunezko lana" dela esan dute ozen, baina, "alde zaharrak dituen beharren inguruan azterketarik egin gabe aurkeztu" dela plana. Hauek dira Habearen ustetan aztertu beharreko puntuak:

-Etxebizitzak: zein da etxe hutsen kopurua? Zein politika jarraituko da? Etxeak bota eta berrien eraikuntza edo etxe zaharren biziberritzea lehenetsiko da?
-Merkataritza: zein da alde zaharrean merkataritzaren garrantzia? Zein behar dituzte?Nola indartu daiteke?
-Kotxeen trafikoa: alde zaharra oinezkoentzat edo autoentzako ere izan behar du? Aparkalekuen arazoari zein irtenbide eman behar diogu?
-Azpiegitura soziokulturala: Basozabal, Soreasu, San Agustinpe, Aitonena, Sindikatu Zaharra, Ludoteka eta Enparan Dorretxeari zein erabilpen eman behar zaie? Alde Zaharra izan behar al du Azpeitiko gune soziokultural zentrala? Gehiago behar al da?

Alor horiek "azterketa serio bat egin gabe" aurkeztu den planak "estetika operazio soil baten itxura handiagoa du alde zaharra biziberritzeko plan bat baino". Horregaitik, "plan estrategiko baten osaketan indarrak ipintzea" eskatu dute.

Amaitzeko, "jaietan parte hartu eta ondo pasatzeko deia" egin zuten, "herbestean eta frantzian eta espainiako kartzeletan barreiaturik dauden herritarrak gogoan izanik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide