Azpeitikoa da Gipuzkoako gaztarik onena

uztarria 2003ko ira. 8a, 19:09

Azpeitiko Ardi Gazta Kooperatibako Amaia Erraztik ardi gazta onenaren saria ez zuela espero eta egindako lan guztiaren ordaina zela esan zuen.

Irailaren lehen igandero egiten den lez, Artzai Eguna ospatu zen, atzo (irailak 7) Legazpin. Bertan ospatu zen, 19.goz, Gipuzkoako Ardi Gazta txapelketa. 33 gazta aurkeztu ziren, eta denetan hoberena Ardi Gazta Kooperatibakoa zela erabaki zuen epaimahaiak. 27 urteko Amaia Errazti azpeitiarrak jaso zuen saria Ardi Gazta Kooperatibaren izenean.

Amaia Errazti oso gustora agertu zen sariarekin, eta ez zuela horrelakorik espero esan zuen, "konpetentzia handiagatik". Bere aburuz, gazta egiteak dakarren lan guztiaren saria izan da.

Zortzi artzairen esnearekin egindako gazta pasa den urtarrilean egin zuen Erraztik. Ez zen ez "suabea eta ezta fuertea ere", eta antza denez epai mahaiari gustatu egin zitzaion.

Erraztik Ordiziako gazta txapelketan du hurrengo erronka, asteazkenean (irailak 10).

Riki nagusi

Urtatza zelaietan ospatutako artzain txakur txapelketan Riki izan zen jaun eta jabe. Juan Jose Arrizabalaga Elgoibartarraren zakurrak ez zuen parekorik izan XXXV. artzai txakur lehiaketan.

Urtero egin ohi duten bezala, atzo ere omenaldia egin zitzaien bost artzairi, beraien lanarengatik. Omenduak Bautista Etxeberria abaltzisketarra, Eusebio Agirre oƱatiarra, Jose Bixente Etxabe arrasatearra, Pedro Barrena oƱatiarra eta herri bereko Justina Iturbe izan ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide