Mikel Labaka futbolaria belaunean larri lesionatu da; hurrengo astean egingo diote ebakuntza

Uztarria.eus 2003ko ira. 8a, 19:09

Bere bigarren partida zen Ciudad de Murcia taldean; 16 minutu bakarrik egin zituen

"Baloi baten bila joan nintzenean lurrera salto egin, eta takoa belarretan katigatu zitzaidan. Belaunari buelta eman nion, eta orduan, sentsazio arraro bat sentitu nuen. Zerbait txikitu izango nuela pentsatu nuen", esan dio Mikel Labakak Uztarriari.

Ciudad de Murcia taldearekin —Realak utzita jokatzen ari da han aurtengo denboraldia— jokatzen zuen bigarren partidan ez zuen zorte onik izan Mikel Labaka futbolari azpeitiarrak. Partida hasi eta 16 minutura belaunaren hotsa entzun zuen, eta han amaitu ziren bere egitekoak. Oraindik ez daki oso ondo zer daukan. Ebakuntza egingo diote hurrengo astean eta jokatu gabe denbora dezente egon beharko duen arren, animoso ageri da. Uztarriak gaur Murtzian bertan harrapatu du azpeitiarra, telefonoz. Baliteke gaur Azpeitira etortzea.

-Zer moduz?

Ondo esan beharko, oso ondo ere ez nagoen arren.

-Zer daukazu zehazki?

Neuk ere ez dakik zehazki zer daukadan. Alboko ligamentu bat hautsita dut, eta aurreko ligamentua gurutzatua ere ia ziur. Medikuak bere ustez apurtuta dagoela esan dit, baina garbi ere ez dela ikusten. Hezurrean kolpe bat omen dut, nahiko garrantzitsua, eta gune hori garbitu egin beharko da. Meniskoa ere pixka bat ukituta egon omen daiteke, baina hori ebakuntza egiten didatenean jakingo da.

-Eta noiz izango da hori?

Datorren asteko asteazkenean egingo didate ebakuntza ziurrenik, 17an. Orduan ikusiko dute zer daukadan zehazki.

-Non egingo dizute ebakuntza?

Ziurrenik hemen, Murtzian, baina ezin dut zehaztu. Realak utzita nago hemen, eta Realeko eta hemengo medikuak hitz egiten ari dira. Badirudi hemen izango dela, baina ez nago ziur.

-Zenbat denborako baja aurreikusten duzu?

Ligamentu gurutzatua hautsita egon edo ez da garrantzikoena. Hori apurtuta baldin badago izugarrizko kaltea da, ez baldin badago ere bai, baina... Hautsita baldin badago, dena txikituta daukadan seinalea da, eta sei hilabete edo gehiago egon beharko dut bajan; bestela, berriz, hiru edo lau hilabete.

-Animoz zer moduz zaude?

Ondo, filosofi pixka batekin hartu behar da. Inpotentzia sentitzen dut, entrenamentuetara-eta joateko izugarrizko gogoa dut, baina belaun honekin... Pazientziaz hartu behar da. Belauna txikituta daukat, ezin dut ezer egin, beste batzuen esku nago... Baina gehiagok ere pasatzen dituzte horrelakoak, eta gu ere aterako gara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide