Albizuk Italiako taldearekin eman zuen iaz txirrindularitza profesionalerako pausoa, eta baita profesional mailako lehen garaipena lortu ere. Abuztuaren 30ean Giro del Friuli 2003 irabazi zuen. Uztarriak bukatzear dela hitz egin du Albizurekin, eta pozik da azpeitiarra. Aurten egin dudan denboraldiaren balantzea positiboa da. Emaitzak lortu ditut, eta, gainera, etxetik kanpo egon naizenez, asko ikasi dut. Heldu egin naiz, eta oso gustura nago, dio Albizuk.
Baina denboraldiaren bukaera bezperatan Italiako taldearekin zer gertatuko, hor dago gakoa. Izan ere, Euskaltel-Euskadi taldeak eskaintza egin dio, baina Albizuk gaur egungo taldearekin bi urterako kontratua dauka sinatuta. Jakitear naiz hemengo taldeak aske uzten nauen eta Euskaltelera pasatzeko aukera daukadan. Mercatone Uno taldea jarraitu edo ez dago, zalantzan, hala ari dira behintzat irailaren hasieratik. Albizuk Euskaltel-Euskadira etorri nahi du, baina ez dago bere esku. Euskaltelek egutegi ona eskaini dit, eta froga garrantzitsuak korritzeko aukera. Gainera etxe inguruan froga gehiago korritzeko aukera izango dut. Aurten, aldiz, Italian korritu ditut karrera ia denak, eta Euskal Herrian Euskal Bizikleta besterik ez dut egin. Gainera, bost egunetako frogak egiteko eta emaitza hobeak lortzeko aukera izango nuke, dio.