Udal tasa eta zergak %3 igoko dira

Uztarria.eus 2003ko urr. 7a, 13:10

Udal tasa eta zergak, 2004. urterako, %3a igotzea erabaki zen besteak beste ohiko udal batzarrean (urriaren 2an izan zen).

Joan den ostegunean (urriaren 2an) egin zen udal batzarra, ohi bezala 20:00etan. EAJko, EAko zinegotziak eta PSE-EEko zinegotzia izan ziren bertan. PPko zinegotzia, orain arte bezala ez zen agertu udal batzarrera. Habeakoek berriz, ordu berdinean prentsaurrea eman zuten udaletxeko arkupetan.

Gai ugariren inguruan hartu ziren erabakiak azken udal batzarrean, hona hurrenez hurren hartutako erabakiak eta kontu emateak:

  • Udal aurrekontuaren kreditu aldaketa. Hogasun batzordean aztertua eta ontzat emana izan dena. Gipuzkoako Buletin Ofizialean agertuko da erabakia, eta alegaziorik ez badu jasotzen 15 eguneko epean onartuta geldituko dena.
  • 2004. urterako udal tasa eta zergak %3an igoko dira. Eta familia ugarien kasuan, familiako sarreren arabera hiru maila jarri dituzte udal ordezkariek tasak ordaintzeko. Igoera hau emango da, zenbait kasutan zaborrean esaterako dauden desfaseak edo galerak konpentsatzeko asmotan. Udal batzarrean azaldu zenez "datozen urteetan zabor tona baten kostua igotzen joango baita". Uraren kasuan ere, aurten Uren Kontsortzioak ia %12a igo dio Udalari uraren kanona. Bestetik, bestelako zerbitzuen gainean kirol patronatoak eskaintzen dituen zerbitzuak %6a igotzea erabaki da. Igoera honen arrazoia gastuen igoera izan da, beraz %6arekin justu gastuak estaltzea espero dute udal agintariek.
  • Azpeitiko ikastetxe arautu eta ez arautuetako udal ordezkariak izendatu ziren. Iraurgi ikastetxeko ordezkaria Jabier Altuna (EAJ) zinegotzia izango da; Urola Ikastolakoa Ana Mendizabal (EAJ); Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolakoa ere Ana Mendizabal (EAJ); Azpeitiko Ikasberri Ikastolakoa Kontxita Martija (EA); Arte eta Diseinu Eskolakoa Ana Mendizabal (EAJ) eta Juan Antxieta Musika Eskolakoa ere Ana Mendizabal (EAJ).
  • Ingurugiro Etxea Fundazioaren proposamena udalari kideak izendatzeko. Ingurugiro Etxea Fundazioko bazkide sortzaileak Arcelor, Danona eta Lapatx dira eta orain hauek udalari proposamen egin diote kideak izendatzeko. Udalak aukeratu dituen kideak honoko hauek dira: IƱaki Etxezarreta (EAJ), Manuel Unanue (EA), Julian Eizmendi (alkatea, EAJ) eta Izaskun Zeziaga (Azpeitiko Udaleko Ingurumeneko teknikaria). Udal batzarrean azaldu zenez lehen Fundazioan udal ordezkariak lau politikari ziren eta orain, berriz, hiru politikari eta udal teknikari bat izango dira.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko kontseiluak Azpeitiko saihesbidearen inguruan hartutako erabakiaren kontu ematea. Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitiko saihesbidearen hegoaldeko aukeraren haserako onespena hartuta zuen. Eta orain Diputazioak azken hitza eman du eta Udalak aurkeztutako errekurtsoari ere erantzuna eman dio, hegoaldeko aukeraren alde eginez. Udal batzarrean udal agintariek esandakoaren arabera, orain Diputazioa proiektua egiten ari da eta Azpeitiko Udalak zerbaitetan eragin badezake saihesbide horren bide osagarrietan izango da, hau da errepide nagusi horren sarrera-irteera izango diren bideetan.

Azken udal batzarrean hartu ziren erabaki guztiak adostasunez hartu ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide