Ramon Etxeberria: "25 urte hauetan batzokian denetarik izan dugu”

Uztarria.eus 2003ko urr. 16a, 18:10

Ramon Etxeberria Azpeitiko EAJ-PNVko lehendakaria da

Asteburu honetan batzokiaren irekieraren 25. urteurrena ospatzen da, eta hainbat ekitaldi antolatu dira. Uztarria Ramon Etxeberriarekin, Azpeitiko EAJ-PNVko lehendakariarekin, izan da urteurreneko ospakizunez hitz egiteko.

  • Zer duzue antolatuta ospakizunerako?

    Gutxi gora-behera urterokoa dugu antolatuta. Gaur, 20:30ean hitzaldia izango dugu. Bertan, Juan Mari Juaristi Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakaria izango da hizlari. Igandean berriz, ekintza gehiago ditugu antolatuta. Hasteko 11:00etan meza egingo dugu Frantziskanetan. Gero, 12:00etan Xabier Arzallusek hitzaldi bat emango du Batzokian, egungo egoera politikoaren ingurukoa. 13:00tan, berriz, mokadutxo bat egongo da, Kirurin egingo dugun bazkarira joan aurretik.

  • Zer nolako harrera eta parte hartzea espero duzue?

    Urteroko antzekoa espero dugu, harrera normala izango da. Ehun bat lagun izango dira bazkaltzen, gutxi gora behera. Mezatan eta urtero joan ohi den jende kopuru antzekoa izango da. Jubilatuen eguna ere bada, eta jubilatu asko ere beraien eguna ospatzera joango dira. Horrek eragina izango du, baina tira. Gaur jendea espero dugu, nahiz eta asteguna izan. Eta bestalde, Xabier Arzallus duela hiru urte etorri zenean batzokia bete egin genuen. Aurten ere antzeko erantzuna espero dugu.

  • Batez ere norentzat zuzuendutakoak dira?

    Ekitaldiak erabat irekiak dira. Kartel guztietan jarri dugu "ateak zabalik guztiontzat". Ekitaldiak ez dira afiliatuentzat bakarrik izango. Orain dela 25 urte ere inagurazioa irekia izan zen, eta ekitaldi hauek ere hala dira.

  • 25 urte hauek nolakoak izan dira?

    Denetarik izan dugu. Geure arteko puskaketak, batzokian izan ziren iskanbilak eta abar. Denetarik. Baina guk gauza bati begiratu behar diogu. 25 urte hauetan herrian geuk lortu dugu beti alkatetza, herriak beti oso ondo erantzun izan digu. Oso zaila da 24 urtetan beti alderdi bera agintean egotea. Batzokiak berak ere erasoak jaso izan ditu. Kristalak hautsi eta pintura poteak bota izan dizkigute. Bost bat eraso jaso ditugu, gutxi gora behera. Behin gainera kaputxadunak barrura sartu ziren, geu barruan ginela. Hori izan zen unerik gogorrena.

  • Honez gero izango duzu gaurko Guardia Zibilaren operazioaren berri. Tartean azpeitiar bat ere atxilotu dute. Zer balorazio egiten duzu?

    Hau guztia euskara eta euskal kulturaren aurkako eraso bat izan da. Gu beti egon gara euskara eta euskal-kultura aurrera ateratzearen alde. Guretzako, euskaldun moduan eta EAJ-PNV moduan, eraso garbi bat izan da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide