Ekitaldia udaletxe azpian egingo da bihar, ostiralean, 20:00etan hasita. Egunkaria-ren eta harekin lotutako enpresen kontrako polizi operazioaren baitan atxilotu zituen Guardia Zibilak bi azpeitiarrak, beste zazpi lagunekin batera. Bederatziak ere aske daude asteartetik, baina guztiek inputatuta segitzen dute.
Mikel Azkune Ardatz iragarki enpresako administratzailea, aurreko asteko ostegun goizean atxilotu zuten, etxean, Errenterian, eta bost egun inkomunikatuta pasatu ditu, Madrilen, eta 12.000 euroko fidantzarekin atera da libre. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua Madrilen atxilotu zuten, astelehen iluntzean, Espainiako Auzitegi Nazionalean bertan, eta gau bat egin zuen inkomunikatuta; fidantzarik jarri gabe utzi zuten libre.
Azpeitiko euskalgintzak dei egiten die herritarrei, taldeei eta udalari, bi euskaltzaleei harrera goxoa egin diezaieten.