Goizeko 10etan iritsi da Kontsumobus autobusa herriko plazara. Egunotan Gipuzkoan dabiltza hara eta hona Kontsumobusekoak. Atzo Azkoitian izan ziren, eta bertan oso harrera ona jaso zutela adierazi diote Uztarriari. Goizean ikasleak izan zituzten, tailerretan, eta arratsaldean, berriz, helduak mintegian.
Gaur goizean, Azpeitian jasotako harrerarekin gustora azaldu dira. Hemen ere, autobusera sartzen lehenak ikastetxeetako gaztetxoak izan dira, goizetan ikasleentzako tailerrak egoten baitira. Tailer horien helburua ikasleek kontsumo zentzudun eta kritikoa egiten ikaste da. Gaztetxoekin batera herriko agintariak ere bertan izan dira, Kontsumobusaren nondik-norakoaren berri jakiteko.
Arratsaldean, berriz, helduentzako mintegi teoriko-praktikoak izango dira. Mintegi horietan egunero kontsumitzen ditugun produktuak aztertu eta behatuko dira eta produktu horien inguruko informazioa zabalduko da. Hitzaldi monografikoak eta profesionalentzako prestakuntza mintegiak ere izango dira. Ekintza hauetan guztietan parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea.
Bestalde, herritar orok du aukera autobus horretara zuzentzeko kontsumoaren inguruko informazioa jasotzera. Izan ere kontsumo arduratsu, informatu eta kritikoa lortzea du helburu Eusko Jaurlaritzaren ekimen honek.