Txirrindulari azpeitiarrak aurtengo denboraldia Mercatone taldearekin korritu du baina bi urterako akordioa sinatuta zuen Meridional 2000 taldearekin. Datorren denboraldia talde horretan korritzeko arazo latzekin aurkitu da Abizu. Izan ere, talde horrek oraindik ez du babeslerik aurkitu datorren denboraldia korritzeko eta aurkitu ezean ezin izango du datorren denboraldian parte hartu.
Orain arte, Albizuren etorkizuna Meridional 2000ren esku zegoen. Horren aurrean eta taldearen egoera ikusita, Albizuk fax bat igorri dio UCIri (Nazioarteko Txirrindularien Elkartea) Meridional 2000rekin duen kontratua eteteko eskatuz. UCIk baiezkoa emanez gero kontratua etetea lortuko luke eta Meriodional 2000 askatasun gutuna ematera derrigortuta egongo litzateke. Hala gertatuz gero, datorren denboraldian Euskaltel-Euskadin izango da Albizu, etxetik gertu, beraz. Albizuk esan duenez nahiago du etxetik gertu egotea kanpoan "une gogorrak" igaro dituelako. Etxera etortzeko gogoa urrian ere azaldu zuen Albizuk Uztarriari .
Orain, UCIk zehaztasunak eskatu dizkio kontratua eteteko. Albizuk honako arrazoiak eman ditu: Mercatone taldeak dagoeneko ez duela existitzen eta Mercatonek oraindik dirua zor diola. Orain UCIren erantzunaren zain dago Albizu.
Peña Errekaren bazkaria
Joseba Albizuren jarraitzaileak larunbat honetan, azaroaren 15ean, bazkaria egingo dute txirrindulari azpeitiarraren omenez. Bertara joan nahi duenak honako leku hauetan eman beharko dute izena: Aitzaki Kirolak, Martinez Inprimategia, Amaia taberna, Erreka kafetegia edo Lagun Onak Txirrindulari Elkartean.