Azpeitiko euskaltzaleek eta kulturzaleek egun garrantzitsua dute larunbatekoa, Baiteren eta Uztarriaren bazkideen batzarrak daudelako: bi erakundeen arteko bat egitea proposatuko da, zuzendaritza batzordeen ustez, "logikoa" delako lana elkarrekin egiten dutelako eta helburu beraiek dituztelako euskara arloan, eta "garrantzitsua ere izango da, herrian erakunde indartsuagoa izateko helburuarekinb, esku artean ditugun herri proiektuak gauzatu ahal izateko aukera handiagoak izateko".
Bat egitearena ez da izan egun batetik sortu eta mamitu den ideia. Izan ere, Uztarriako eta Baiteko talde eragileak, aurten bien bileratan aipatu izan diren ideiak bildu eta irail hasieraz geroztik elkarrekin barne prozesua zabaldu zuten, bat egiteaz eta hainbat proiektuz hitz egiteko. Bien artean oinarrizko txostena egin zutenean, azaroaren hasieratik Uztarriako eta Baiteko talde, elkarte eta ikastetxe guztietara joan dira, txostena pasatu eta bakoitzarekin banan-banan bilduz dozenatik gora bilera egin dituzte eta ehun lagun ingururekin bildu dira, ekarpenak jaso, eta azaroaren 18an Uztarriako eta Baiteko zuzendaritza batzordeen batzarra egin zen, batera. Baiezkoa eman ondoren, larunbat honetan bazkideen batzarretara aurkeztuko dira asmoak, zuzendaritza taldearen osaketaren proposamena ere bai, eta organu goren horietan hartuko dira azken erabakiak.
Bat egiteaz gain, Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkaria sortzea proposatuko da (Berria-rekin eta eskualdeko euskara elkarteekin batera), eta Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) martxan jarriko dela-eta Uztarria-Baitek egin duten proposamena ontzat jotzea ere bai, euskalgintzak planaren diseinuan, jarraipenean eta eguneroko lanean parte-hartze zuzena izateko.
Beraz, oso batzar garrantzitsuak dira larunbat honetakoak, eta Baitek eta Uztarriak bazkideei bertara azaltzeko eskakizuna egiten die.
Baiteko bazkideen ezohiko batzarra:
Eguna: azaroak 29 (larunbata).
Ordua: 10:00etan.
Tokia: Aitonena I.
Gaia: Baiteren eta Uztarriaren bat egitea.
Uztarriako bazkideen batzar arrunta:
Eguna: azaroak 29 (larunbata).
Ordua: 11:30etan.
Tokia: Aitonena I.
Gai zerrenda:
- Urteko balantzea.
- Uztarriaren eta Baiteren bat egitea.
- Estatutu aldaketa.
- Zuzendaritza berria.
- Proiektu berriak.