Esanda bezala, gaur egin dira Uztarriaren eta Baiteren bazkideen batzarrak -Baiterena ezohikoa zen-, eta bertan erabaki da bi erakundeen bat egitea. Uztarria Kultur Koordinadorako eta Baite Euskara Elkarteko talde eragileak duela hilabete batzuetatik ari ziren bat egitearen beharraz hitz egiten, eta bi erakundeetako taldeetan asmoa azaldu ostean, bi zuzendaritza batzordeetan proposamena ontzat jo zen, eta gaur bazkideen batzarrera eraman da gaia; organu goren horietan ere ontzat jo da.
2004ko urtarriletik ariko dira batera. Baiteren talde eragilea, Uztarriaren euskara ardatzera pasatuko da, eta orain arte bezala funtzionatuko du, bere lan taldearekin eta ekimen guztiekin.
Baite sortu zenetik, Uztarriak eta biek elkarrekin egin dute lan: Uztarriako ordezkaritza bat beti egon da lanean Baiten, lokala bera dute, Baiteren aldizkaria Uztarrian egiten da eta Uztarria herri aldizkariaren barruan banatzen da Horretaz gain, euskara aldetik helburu berak dituztela kontuan hartuta, "herrian nahasmenik edo disfuntziorik ez sortzeko", eta "erakunde bakar sendoa sortzeko, bien arteko bat egitea da onena eta logikoena". Uztarriaren izena mantenduko da.
Bat egitearen ondorioz, honelako erakundea izango da:
- Komunikazioa, euskara eta kultura ardatzak biltzen dituen erakundea.
- Bakarra baina askotarikoa.
- Erreferentziala.
- Ondo antolatutakoa.
- Herritik sortua.
- Sare zabalagoa edukiko du.
- Sinesgarria. Proiektuak eta ekimenak gauzatzeko gaitasuna duena.
- Positiboa.
- Hurrengo urtetik, 2004. urte hasieratik, 800 bazkidekoa (norbanakoak, elkarteak ; Uztarriak orain 690 bazkide ditu, Baitek 285 -hauetatik 170 ez dira Uztarriakoak-)".
Beraz, Uztarria Kultur Koordinadorak bere sorreratik bertatik (1998ko martxoa) dauzkan hiru ardatzei helduko die: euskara, komunikazioa eta kultura ardatzei.
Beste erabakiak
Honako egitasmo hauek ere ontzat jo dira gaur Uztarriaren bazkideen urteko batzarrean:
- Euskara: Azpeitian udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) martxan jarriko duela-eta, Uztarriak EBPNren eta Bai Euskarari Akordioaren uztartzea proposatzea, herrian une hauetan dagoena errespetatuz, eta, azken batean, euskalgintzak EBPNren diseinuan, jarraipenean eta eguneroko lanean parte-hartze zuzena izatea. Hala, udalak euskalgintzari baliabideak ematea.
- Komunikazioa: Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkaria sortzea, eskualdeko beste euskara elkarteekin eta Berria-ren enpresa EKTrekin batera (gizarte eragileak ere baleudeke egitasmoan).
- Kultura: herrian kultur-gunea sortzeko azterketan sakontzea, eta kultur-diagnostikoa abitzea.
- Zuzendaritza. Uztarriak zuzendaritza berria dauka, eta Laxaro Azkune da lehendakari berria.
- Besterik-informazioa: www.uztarria.com berritua martxan jarri da gaur bertan, abenduaren 6an aurkeztuko du Uztarriak efemerideen liburua, mendi gidarena aurreratuta dauka, etorkinen hiztegia harrera ona ari da izaten
Uztarria herri aldizkariak hurrengo egunetan aterako du abenduko zenbakia, Baitek ere bai berea -azkena Baiteren izenarekin- eta aldizkari horietan egongo da askoz informazio gehiago.