"Sakabi” omenduko dute Santo Tomas jaietan

Uztarria.com 2003ko abe. 11a, 21:12

  • Iñigo Aranbarrik eginiko “Sakabi, soinu txikiaren handitasuna” liburua aurkeztuko da.
  • Santo Tomas bezperan, gauez, trikiti jaialdia egingo da Enparantza Nagusian

Aurtengo Santo Tomas jaietan Faustino Azpiazu "Sakabi", Lasturko trikitilaria, omenduko dute. Aurtengo Santo Tomas jaiak bi egunekoak izango dira eta Udaleko Festa Batzordeak abenduaren 20an trikiti jaialdia egitea erabaki du.

Euskal Herriko Trikitilari Elkartearen eskutik Iñigo Aranbarrik liburu bat egin du, Sakabi, soinu txikiaren handitasuna izenekoa. Azpeitian liburu hau abenduaren 20an aurkeztuko da, Aitonena 1eko aretoan, 12:00etan. Eta trikitilariek harrera egingo diete aurkezpenera datozenei Sakabiren pare bat pieza joaz.

Egunean zehar ere herrian barrena hainbat trikitilari ibiliko dira kaleak alaitzen, hala nola, Laja eta Egurrola, Mikel eta Jauregi, Laja II eta Berastegi aita-semeak besteak beste. Baina ikuskizun nagusia gauean izango da, Enparantza Nagusian egingo den trikiti jaialdian.

Nor zen Sakabi?

"Sakabi", Faustino Azpiazu, Lasturren jaio zen, Sakabi baserrian 1917an. Itziar aldekoa izan arren badu loturarik gure herriarekin, Egañazpirekin kaleratutako bi diskoak Azpeitiko trikitixarenak baitira, *Triki-Trixa de Azpeitia (Sakabi y Egañazpi) eta Triki-trixa de Azpeitia*. Bikote horrekin 32 urtez ibili zen trikitia jotzen Euskal Herriko hainbat herritan. Sakabi 1995ean zendu zen.

Sakabiri buruzko liburuaz berri gehiago:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide