Azpeitiko hainbat gazte erasotuak izaten ari dira, erasotuak epaitegietan, komisarietan, kartzeletan edo besterik gabe Azpeitiko kaleetan bertan. Eta ugariak dira eman ditzakegun adibideak:
- Duela gutxi Maider Egiguren azpeitiar gaztea polizi nazionalak atxilotu eta torturatua izan da, ondoren inolako frogarik gabe Alcala-Meco-ko espetxean sartu dutelarik. Bere delitua gazte eta abertzalea izatea.
- 2001eko ihauterietan herriko alkatea eta zenbait gazteren artean izandako liskarren ondoren alkateak azpeitiko bederatzi gazteren aurkako salaketa jarri zuen. Fiskalak gazte hauetako bakoitzarentzat 3 urteko Kartzela zigorra, 3 urteko inhabilitazioa eta denen artean milaka eurotako isunak ordaintzeko eskaria egin du. Herriko gazteok ditugun arazoak honela konpondu nahi dituzte.
- Azpeitiko gazte bat Entzutegi Nazionalean epaiketa bat izateko zain dago Bilbon izandako manifestaldi batean atxilotua izan ondoren.
- Herriko bost gaztek sei hilabetetako kartzela zigorra dute presoen aldeko ekimen batean parte hartzeagatik.
- Herriko bi gazte epaitegietara deituak izan dira PSOE-ko zinegotzi batek sartu dien salaketa baten ondorioz. Hauteskunde egunean egindako protesta baten harira dator salaketa hau.
- Azken hilabeteetan izugarri ugaritu dira manifestazioetan parte hartzeagatik herriko gazteoi iristen ari zaizkigun isun administratiboak, ertzaintzak egindako identifikazio ezberdinen ondorioz.
- Orohar, izaugarria da momentu honetan Azpeitiko hainbat gaztek jasaten duten jazarpena. Azpeitia mota guztietako txakurrez betea dago aspaldian, eta gazteria da guzti hauek garatzen dituen errepresioaren jomuga nabarmena. Egungo ogia bihurtu zaizkigu gazteei egindako jarraipenak, mehatxuak, identifikazioak eta abar. Orain dela bi hilabete inguru gazteen elkarrizketa bat grabatzen ikusiak izan ziren kalez jantzirik zioazen bi ertzain.
Argi dute gazteria dela herri honetako sektore aktiboena. Beste herri eredu baten bidean, Euskal Herri aske eta justu baten bidean ezinbesteko ekarpena da guk egiten duguna, eta horregatik kolpatzen gaituzte. Kasu batzutan espainiar polizia eta epaitegiak dira eraso guzti hauek aurrera daramatzatenak, baina beste kasu askotan ertzaintza bera da lan hauek txukun betetzen ari dena. Eta ezin ahaztu PNV-EA alderdiak Gazte lokalaren arazoari konponbidea eman beharrean hartu duen bidea. Hasierako muntai mediatiko guztia ( prentsa espainiarraren ezinbesteko laguntzarekin muntai juridiko bihurtu dute orain, eta herriko bederatzi gazte kartzela sartzeko ere ez dute inolako arazorik dirudienez.
Baina herriko gazteok hemen jarraituko dugu, ez gaituzte geldituko. Harro gaude gazte izateaz, eta gazte izateak berarekin dakartzen baloreak jarraituko dugu. Presoen alde, gazte lokalaren alde, emakumeen eskubideen alde, Euskal Herriaren alde. Bestelako Azpeitia bat nahi dugu, bestelako Euskal Herri bat. Eta argi utzi nahi dugu, politiko, epaile eta polizia zapaltzaile guztien gainetik orain arteko lanetan aurrera jarraitzeko konpromisoan berresten garela. Ez dugu herriko gazteei egindako eraso bat gehiago pasatzen utziko, eta zapaltzaile guzti hauek aurrean izango gaituztela, eguneroko borrokan.