Enparan zubia

Jesus Agirre 2003ko abe. 29a, 18:12

  • Enparan kalera iristeko (Enparan zubia zeharkatuz), edo aipaturiko kalea utzi nahian zubia zeharkatu behar dugunok geroz eta oztopo gehiago aurkitzen ditugu.
  • Herriko alde zaharra eta bertako bizilagunen eskubideak babesteko udaleko arduradunek beste jokabide bat erakutsi beharko lukete.

Kaixo adiskideok:

Enparan kalera iristeko (Enparan zubia zeharkatuz), edo aipaturiko kalea utzi nahian zubia zeharkatu behar dugunok geroz eta oztopo gehiago aurkitzen ditugu. Astea joan eta astea etorri eta hilabete asko pasa ondoren, arazoa geroz eta handiagoa bihurtzen ari da. Edozein egunetan, eta zer esanik ez aste buruetan, kotxe ilara ederra ikusi dezakegu aparkatuta kaletik hasi eta zubi gainean zehar, bertatik irten edo sartu behar dugunok sekulako maniobrak egitera derrigortuz, kotxe bakarra pasa baidaiteke horrelako egoera suertatuz. Hori gutxi balitz, orain kalean bertan ere kotxeak aparkatzen hasi dira bi aldetan, batere eragozpenik gabe. Eta gainera, zenbait pertsonek beren kotxea uzten dute plaka argi eta garbi jarrita dagoen lekuetan, udalaren baimena ondo eta puntual ordainduta dutenen lekuetan. Hau dena udalean jakin arazi ondoren, tarteka marteka, udaltzainen bat bidaltzen dute eta "papertxoa" jartzen du kotxeko aurreko kristalean, bost minutu pasa ondoren bere muturren aurrean apurtzeko.

Herriko alde zaharra eta bertako bizilagunen eskubideak babesteko udaleko arduradunek beste jokabide bat erakutsi beharko lukete. Kale honetako sarrera bakarra, horrela oztopatuta badago eta erremediorik ez bada jartzen, non daude kale honetako herritarren eskubideak?, zertarako ordaintzen ditugu urtean horrenbeste euro, garajerako sarrerak ostopatuta badauzkagu? Herriko arduradunek, dirudienez, ezin dute arazoa konpondu eta guzti honek nigan sortzen duen harridura azaldu nahi dizuet.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide