Iraurgi Saskibaloi Elkarteak aurrera begirako kirol-proiektu ekonomikoa aurkeztu du

Uztarria.com 2004ko urt. 15a, 18:01

Atzo, urtarrilak 14, Soreasun Iraurgik egin zuen aurkezpena
  • Proiektuko ardatz ekonomiko nagusia Saskiratzen Elkartea sortzea eta Ildefonso Gurrutxaga kalean irekiko duten egoitza eta taberna izango da
  • Saskiratzen Elkartean bazkide egiteko kanpaina ere abian jarri da
  • Iraurgisb.com webgunea ere estreinatu da

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak egun handia zuen atzo, urtarrilaren 14an, batzar nagusi batean aurrera begirako kirol-proiektu ekonomikoa, teknifikazio eskolaren nondik norakoak eta webgunea azaldu zituen.

Teknifikazio eskola

Teknifikazio eskolari orain dela bi urte heldu zion Iraurgik. Gaur egun 115 jokalari ari dira eskolan. Saskibaloian jokatu nahi duen orok parte hartu dezake han, eta orainarte izandako emaitzekin eta parte hartzearekin gustora agertu ziren Iraurgikoak. Eskolatik "saskibaloiko talde federatuak atera daitezke eta horiek finantzatu beharra dagoela" esan zuten Iraurgikoek; horretarako teknifikazio eskolan parte hartzen dutenek kuota bat ordaintzen dute. Kirol egitura asko hazi da eta honekin batera egitura ekonomikoa ere hazten doa. Hortik sortu zen Saskiratzen Elkartea sortzearen ideia.

Saskiratzen Elkartearen finantziaziorako bide desberdinak jorratuko dituzte: Kiroldegian jokatutako partiduetarako publizitatea lortzea; maila desberdinetako taldeen enpresa laguntzaileak lortzea; El Diario Vasco egunkariarekin akordio bat egin dute; bazkideak eta hiru enpresa sortuko dituzte. Enpresa horietako bat egoitza eta taberna izango dela azaldu zuten. Baina beste bi enpresen berri ez zuten eman, "oraindik ezer garbirik" ezin zutela azaldu esan zuten Iraurgikoek.

Lokal berria

Lokal berria Ildefonso Gurrutxaga kalean hartu dute eta 661 mila euro eta 721 mila euro arteko aurrekontua du. Dagoeneko "420 mila euro jarriko duten pertsonak lortu" dituzte. 216 metro karratu ditu eta Iraurgikoentzako bulegoaz gainera, taberna ere izango da. Taberna irekia izango da eta jendea egoteko hainbat mahai eta eserleku edukiko ditu. Eszenatoki txiki bat ere izango du, edozein motatako ekitaldiak egiteko. Lokal horretan "ekitaldi alternatiboak egiteko aukera" ere egongo dela nabarmendu zuten Iraurgikoek.

Saskiratzen Elkarteko bazkide egiteko

Saskiratzen Elkarteko bazkideak lortzeko kanpaina abiatu dute, proiektuak aurrera eramateko "dirua behar" dutelako. Bazkidetza 100 eurokoa da eta behin ordaindu beharko da. Horretarako bazkidetza kuotari dagozkion 100 euroak 2101 0029 22 0011429875 kontu korronte zenbakian sartu beharko dira. Eta ondoren, taberna egin bitartean, ordainagiria eta datuak Jose Artetxe kaleko Kemen asesorian (Pastorkua gainean, lehen pisuan) entregatu beharko dira. Iraurgikoen esanetan bazkideek batzarretan parte hartzeko eta erabakitzeko aukera izango dute. "Bazkideei gardentasun osoz diru sarrera eta irteeren berri emango zaie eta aurrekontua ere ezagutuko dute. Gure asmoa seriotasun batekin gardentasunez lan egitea da", azaldu dute Iraurgiko arduradunek.

Webgunea

Bestalde, webgunea ere aurkeztu zuten Iraurgikoek, www.iraurgisb.com helbidean dago. "Donostiako lagun batek" egin omen diote webgune berria eta "oso gustora" azaldu ziren lortutako emaitzarekin. Webgune berri horrek atal desberdinak ditu, horien artean albisteen inguruko saila du. Bertan dauden albisteak, Iraurgi Saskibaloi Elkartearekin eta sakisbaloiarekin dute harremana. Iraurgiko talde guztiak ere agertzen dira eta foro bat ere badu webgune berriak, Iraurgiren inguruko iritziak agertzen direna. Webgunean edozeinek parte hartu dezake.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide