Oso harrera ona 'Urola-Kostako Hitza'-ren 0 zenbakiak

Uztarria 2004ko urt. 17a, 17:01

'Urola-Kostako Hitza'-ren 0 zenbakia irakurtzen

Euskarazko komunikabideek beste pauso bat eman dute gaur, urtarrilak 17, Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkariaren 0 zenbakia banatu dutelako sustatzaileek. 28.000 ale banatu ere; horietatik 5.200, Azpeitian.

Hain zuzen, Uztarria Kultur Koordinadora da 'Hitza'-ren sortzaileetako bat. "Prentsan, Uztarria herri aldizkariarekin segitzeaz gain, egunerokora ere saltoa ematea erabaki du, beste bazkide batzuekin batera. Oso apustu garrantzitsua dela iruditzen zaigu, eman beharrekoa, informazioan Azpeitian eta eskualdean erreferentzialtasuna lortzeko, eta euskararen normalizazioan beste pauso batzuk emateko", dio Uztarriak.

Eskualdeko herri aldizkarien euskara elkarteen artean, Txaparro (Zarautz), Baleike (Zumaia), Danbolinzulo (Zestoa) eta Artzape (Getaria) ere sartu dira. Urola-Kostako gizarte eragileek osatuko dute enpresako beste zutabe bat, eta Azpeititik, lehen harremanen ondoren, Lagun Onak Mendi Bazkuna, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Karmelo Etxegarai Ikastola eta Urola Ikastola sartu dira. Erakundeko beste bazkidea, Bertako Hedabideak da (EKTkoa).

Zortzi orrialde edukiko ditu 'Hitza'-k (batzuetan hamabi ere bai), eta Orio, Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa, Errezil, Azpeitia, Beizama eta Azkoitiko berri emango du, asteartetik igandera. “Kalitatea dugu helburu, pluralak izango gara eta euskaltzaleak”, esan dute sustatzaileek. Gari Berasaluze zarauztarra izango da zuzendaria.

Azpeitiarrek oso gustura irakurri dute gaur egunkaria. "Atsegina da eta gertukoa, hemengo albisteak ez ezik, ondoko herrietakoak ere badaudelako".

Udalari diru laguntza eskaera

Udal bakoitzari biztanleko urtean hiru euroko diru laguntza eskatu diete. Bilerak egin dituzte, eta erantzun ofizialaren zain daude. Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik laguntza jasoko dela espero dute, beste 'Hitze'-k jasotzen dutelako.

Laugarren Hitza izango da Urola-Kostakoa. Otsailaren erdialdera sortuko da 1. zenbakia. Tolosaldekoa, Oarsoaldekoa, eta Lea-Artibai eta Mutrikukoa dira beste hirurak.

Irakurri osorik pdf formatuan

Urola Kostako Hitzaren 0 zenbakiaren orrialde guztiak irakurtzeko aukera daukazu hemen, pdf formatuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide